Iñaki Mendoza Realeko dokumentalistak eta Txaro Barinaga-Rementeriak frankismo garaiko jokalariak parte hartuko dute gaurko aurkezpenean. Kultur Etxeko erakusketa gelan jarriko dute erakusketa eta bi ordutegi izango dira: astebarruan: 18:30etik 20:30era, eta jaiegunetan: 12:00etatik 14:00etara.
• Emakumeak, Realaren historian
Realak 100 urte baino gehiagoko historia du, eta urte horietan guztietan uste baino garrantzitsuagoak izan dira emakumeak Klubean. Saskibaloia, eskia, pala… gutxik gogoratuko dituzte, beharbada, Realak izandako sail horiek, baina izan zituen garai batean, eta beste batzuk oraindik bizirik diraute, futbolak eta belar hockeyak, esaterako. Kirola egitea bera ere debekatua zuten garaia ezagutu zuten emakumezkoek. Frankismoaren eraginez, 1962. urtera arte, emakumeek galarazita izan zuten atletismoan aritzea, baina debekualdia amaitu eta berehala sortu zuen Realak taldea, 1963an. Reala izan zen, hain zuzen ere, atletismo taldean emakumeak onartu zituen Gipuzkoako lehen klubetakoa. Baina joko eremuan ez ezik, bulegoan eta ardura postuetan ere zeresan handia izan dute emakumeek Realean ere, eta hori guztia islatu nahi izan dute erakusketa honetan.