Askotariko adierazpen artistikoen gune bihurtu nahi dute Gabaz

Barren.eus 2015ko mar. 5a, 13:47

 

Funky-Rock kluba, Flamenko-jazz kluba, arte plastiko zein eszenikoak, musika eta dantzarekin zerikusia duten ikastaroak eta zuzeneko musika emanaldiak antolatuko ditu Gabaz tabernak aurrerantzean.  Alegia, askotariko adierazpen artistikoen gune bihurtu nahi dute. Barixaku honetan aurkeztuko dute egitasmoa eta Growing Shoots taldeak (ondoko irudian) zuzeneko emanaldia eskainiko du.

 

 

Zuzeneko emanaldi eta ikuskizunak barixakuetan eta zapatuetan eskainiko dituztela jakinarazi dute Gabazeko arduradunek. Astebarruan, berriz, era guztietako ikastaroak antolatzeko asmoa dute, besteak beste, gitarra ikastaroa, argazkilaritza, audizioak, musika grabazioak nola egin, e.a. Gabaz funky-rock eta Gabaz flamenko-jazz klubak sortzeko asmoa ere badute, musika eta dantza estilo horietan sakondu nahi duten lagunentzat. Ikastaro intentsibo edo master-class-ak ere eskainiko dituzte kontzertuak eskaintzera etorriko diren talde eta bakarlariek. 

• Growing Shoots taldearen kontzertua

Carlos Santana, Amy Winehouse, James Brown, Herbie Hancock, Miles Davis eta beste hainbat artista ezagunen abestiak joko ditu zuzenean Growing Shoots taldeak barixakuan (martxoak 6), Gabaz tabernan. 23:00etan hasiko da emanaldia eta sarrerak 3 euroan jarri dituzte salgai. Gainera Maala edo Txarriduna tabernetan afalduz gero, ez da sarrerarik ordaindu beharrik izango.

• Izaro Andres mallabiarraren kontzertua

Zuzeneko hurrengo emanaldia apirilaren 10erako antolatu dute. Izaro Andres abeslari mallabiarra izango da artista gonbidatua. 21 urte besterik ez ditu baina betidanik kantatu izan du, Izarrak kalean ETB-ko saioan azaldu zuen moduan. Hona hemen berak konposatu eta kantatutako abesti bat: Paradise