Transgrancanaria proban gailendu da Ainhoa Lendinez, 32 kilometroko distantzian

Barren.eus 2015ko mar. 9a, 15:02

Munduko ultra-trail zirkuituko estreinako proba jokatu dute, joan den asteburuan, Kanaria Handian: Transgrancanaria. Bost distantziatan banatuta aritu ziren antxitxika 70 herrialdetako 3.000 lasterkari: - 125 km - 83 km - 42 km - 32 km - 17 km. Ainhoa Lendinez elgoibartarrak 32 kilometroko proban, Starter deiturikoan, hartu zuen parte eta bera izan zen azkarrena emakumezkoetan.

Kanaraia Handira kazetari lanetan joatea zen bere lehen asmoa, baina lagun batzuek animatuta erabaki zuen Ainhoa Lendinezek Transgrancanaria proban parte hartzea. “Hainbat distantzia zeudela esan zidaten, eta laburretako batean parte har nezakeela gomendatu, eta halaxe animatu nintzen. Ni ez bainaiz kirolaria, kirolzalea baizik, eta neure maila apalean aritzen naiz”. 

Hala, 32 kilometroko distantzian hartu zuen parte Lendinezek. Parte hartzaileek lasterketa luzearen (125 km.) azken zatia egin behar zuten. 900 metroko desnibela zuen ibilbideak, gehienak beheraka. Beheraka baino goraka hobeto moldatzen dela dioen arren, ibilbideaz asko gozatu zuela aitortu du. “Hamabosgarren kilometrora oso ondo iritsi nintzen, baina ez nekien zer postutan nioan. Neska bat neukan aurrean, begi-puntuan uneoro, baina ez nekien zenbatgarren nindoan. Bigarren nindoala esan zidatenean ezin nuen sinistu ere egin. Azken hamar kilometroak gogorrak izan ziren, goizean epel zena bero bihurtu baitzen, eta gainera, altuera galduta, galdara bihurtu zen hango trokartea. Kalima haizeak ere asko gogortu zuen proba. Lehen aldiz gel batzuk hartzea aholkatu zidaten lagunek, azken zortzi kilometroetan bi, eta halaxe egin nuen. Aurreko neska gero eta gertuago neukan eta hiru kilometro falta zirenean gelak emandako indar apurrarekin sekula egin ez dudana egiten ausartu nintzen: hortzak estutu eta aurrea hartu nion, gero zer gertatuko zen jakin gabe. Eta halaxe iritsi nintzen Maspalomaseko helmugara. Ibilbide osoan sentitu nituen lagun eta senideen animo oihuak, ondoan izango banitu moduan, eta asko lagundu zidan horrek ere”. Lendinezek hiru ordu, bost minutu eta 58 segundo behar izan zituen 32 kilometroak osatzeko. Ia bi minutuko aldea atera zion helmugan bigarren emakumezkoari, Julia Fonti, eta ia hamar minutu hirugarren postuan sailkatu zen Kathrine Soemme norbegiarrari. 519 lagunek lortu zuten proba amaitzea, tartean 124 emakumek. (ikus sailkapena

• Paraje berezia eta ezberdina

 Nazioarteko proba batean parte hartzea zer den ikusteko aukera eduki izana nabarmendu du Lendinezek, nahiz eta horrenbeste jenderen artean “harrotz” sentitu. Lagun berriak eginda itzuli izana ere nabarmendu du. “Lagun batzuekin joan nintzen, eta lagun gehiagorekin itzuli naiz”. Era berean, Kanarietako mendiak ukitzeko aukera eduki izana ere “berezia” eta “ezberdina” izan da bere berbetan. “Oso paraje ezberdina da, lehorra, hareatsua. Dena den, beti esaten dut gauza bera: ez dago Euskal Herriko mendien parekorik, ezta Euskal Herriko lasterketetan sortzen den giroaren parekorik ere”.