Eguaztenetik barixakura bitartean egingo da Eibarren, Armeria Eskolako patioan, Debabarreneko II. Lanbide Heziketa Azoka, Abian, eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeek – Armeria Eskola, IMH-Makina Erremintaren Institutua, Meka Lanbide Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar Ermua eta Eibar eta Ermuko PCPIak – eta Debegesa Garapen Agentziak elkarlanean antolatuta.
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu dute ekimena eta, nabarmentzekoa da eskualdeko hainbat entitate eta enpresaren laguntza jaso duela baita ere, hala nola, Ermuko Izarra Fundazioa, IK4-Tekniker, Danobat Group, Etxe-Tar, Epc, Alfa, Correanayak, Grupo Egile, Agme, Alcorta, Urkotronik eta La Caixa. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, enpresek azokarekin bat egin izanak, Lanbide Heziketaren eta enpresen arteko harreman zuzena eta kolaborazio-sarea ehunduta dagoela erakusten du.
• 33 espezialitate eta 1.471 ikasle
Azokaren irekiera ekitaldia eguaztenean, 10:00etan, egingo dute. Bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailburuordea, Ricardo Barkala, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Diputatua, Jon Peli Uriguen, eskualdeko udal ordezkariekin batera eta LHko ikastetxeetako zuzendariekin batera. Lanbide Heziketako ikastetxe bakoitzak bere erakusleihoa izango du, bere ikasketa eskaintza osoa aurkezteko. Guztira, Debabarreneko Lanbide Heziketako ikastetxeetan 33 espezialitate desberdin eskaintzen dira eta aurtengo ikasturtean 1.471 ikasle daude matrikulatuta.
Debegesa Garapen Agentziak ere izango du bere erakusleihoa, ekintzailetzari dagokion informazioa eskaintzeko. Halaber, Abian azokarekin bat egin duten enpresa laguntzaileek ere informazioa eskainiko dute Debegesaren erakusleihoan, praktika programen edota kontratazioei buruzko informazioa, hain zuzen ere.
• Sarrera doakoa
Jende guztiarentzat zabalik egongo da, eta sarrera doakoa izango da. Antolatzaileen esanetan, oso publiko heterogeneoa da gaur egun Lanbide Heziketako ikasketak egiten dituena, aurretik egindako ikasketak edota adinari erreparatzen badiogu. Honela bada, Abian azoka publiko zabalari zuzenduta dago: DBH eta Batxilergoko azken urteetako ikasleei, heziketa zikloetako erdi eta goi mailako azken urteetako ikasleei, gurasoei, heziketa zentroetako eta erakunde publiko nahiz pribatuetako irakasle, orientatzaile eta formatzaileei, ekintzaileei, enpresa eta erakundeei, langile aktibo eta langabeei eta, oro har, herritarrei, lanbide heziketan interesa duten guztiei.
• Era guztietako hitzaldiak
Hiru egunetan egitarau zabala osatu da eta hainbat hitzaldi eta tailer hartuko ditu azokak. Tailer horiek guztiak doakoak izango dira eta parte hartzeko interesa dutenek aurrez eman behar dute izena 943 82 01 10 telefonora deituz edo pymes@debegesa.com helbidera idatziz. Debegesaren webgunean, www.debegesa.eus, azokari buruzko informazio guztia kontsulta daiteke, baita egitarau osoa ere.
Egitaraua osatzerakoan, publiko edo hartzaile mota desberdinak kontuan hartu dituzte. Horrela, lehenengo eguna, ikasleei zuzenduta egongo da eta azpimarratzekoa da Pep Torres asmatzaile, ekintzaile eta irrati eta telebistako kolaboratzaileak eskainiko duen hitzaldia, 16:00etan, “There is no box: Berrikuntza eta sormena, merkatuaren joera berriak” izenekoa. Hitzaldi hau Izarra Fundazioak antolatu du.
Bigarren eguna, eguena, langabeei eta gurasoei egongo da zuzenduta. Nabarmentzekoa da gurasoentzako IMH-Incress-ek eskainiko duen hitzaldia, 18:00etan, “Nola lortu gure seme-alabek erabakiak hartzeko orduan ardurak beregana ditzaten?” izenburupean.
Eta hirugarren eguna ekintzailetzari eskainiko zaio. Debegesako Enpresa-proiektu berrientzako zerbitzuko teknikari Vanesa Hortasek “Nola sortu zure negozio-ideia propioa?” tailerra eskainiko du, goizeko 9:00etan.
Azokako ordutegiari dagokionez, eguaztenean, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da zabalik; eguenean, hilak 12, goizeko 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta barixakuan, hilak 13, goizez bakarrik, 9:00etatik 14:00etara.
- Informazio gehiago eta egitarau osoa www.debegesa.eus