Elgoibarko Meka Lanbide Heziketa zentroak bi eraikin ditu, Meka Ezenarro, San Roken, eta Meka Albitxuri, Albitxuri industriagunean. Azken hori berria da, baina San Roke auzoan dagoen Meka ikastetxea 1954an zabaldu zuten, eta ordutik hainbat berrikuntza ezagutu ditu. 1979an ikastetxea handitu zuten, Olaizaga kiroldegi aldera zeuden lursailak hartuta, eta 1986an gauza bera egin zuten, telefonicako eraikinaren aldera. 1999an, berriz, soldadura tailerra egin zuten. Elgoibarko institutuko ikasleek ere erabiltzen dute eraikina, bertan ikasten dute-eta Batxilergoko ikasleek. Orain eraikina berritzeko unea iritsi da, izan ere, eraikinaren alderik zaharrenean ura sartzen da euria egiten duenean. Horrez gain, hainbat leiho ere aldatuko dituzte, isolamendu neurriak ez dituztelako betetzen. Azkenik, ikastetxearen kanpoaldeko ateak aldatuko dituzte, eta tailerrerako sarrerakoak ere bai, beroa hobeto mantentzen duten ate berriak jartzeko.
Lehiaketa publiko bidez aukeratuko dute obra egingo duen enpresa, eta behin lanak esleitzen direnean, 19 asteko epean amaitzea aurreikusi dute.
Meka Lanbide Heziketa ikastetxeak 11 lanbide ikasteko aukera eskaintzen du gaur egun, eta ikastetxeko zuzendari Maria Asun Larrañagak jakinarazitakoaren arabera bikoiztu egin dute ikasle kopurua azken bost urteetan.