Lekukoen esanetan, bere onetik aterata zegoen gizonezkoa, "asaldatuta". Erasoa gertatu denean Sendabelar elkartearen egoitza barruan zegoen arduradunetako batek esandakoaren arabera, kristala mugitu dela sumatu dute barrutik eta zer gertatu den ikustera irten dira kanpora. Leihoa apurtuta zegoela ikusi dute eta elkarteko bazkide den gizonezko bat eskua odoletan zuela. Azaldu dutenez, elkarte parean aparkatu du autoa gizonezkoak eta ezer esan gabe kolpatu du leihoa burdin zati batekin. Kolpea ematerakoan beirarekin zauri larria egin du eskuan eta odol asko galtzen ari zela ikusita, larrituta, laguntza eskean joan da metro batzuk beherago dagoen Kalegoen plazako farmaziara. Odol isuria geratzeko zerbait emateko eskatu die farmaziakoei, baina zauria larriegia zela-eta Udaltzaingoari deitu diote farmaziakoek, bizitakoaren ostean oraindik urduritasuna gainetik kendu gabe. Anbulategira eraman dute gizona, baina ebakia handiegia zenez, Mendaroko Ospitalera eraman dute zuzenean. Zer gertatu den argitzeko atestatua hasi dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak.
• Kalamua kontsumitzaileen elkartea
Kalamua kontsumitzen duten duten pertsona helduek osatutako elkartea, legezkoa, eta irabazi asmorik gabea da Sendabelar, elkarteak Interneten duen webgunean irakur daitekeen moduan. Bazkideetako askok arrazoi terapeutikoak dituzte kalamua kontsumitzeko: antsietatea apaltzen dute edo hainbat gaixotasunek sorturiko mina arintzen dute horrela.