Elgoibar eta Markina-Xemeingo musikariek osatzen dute Aterkings musika taldea. Sei urtean zuzeneko kontzerturik eman gabe zeuden eta joan den abenduaren 27an igo ziren berriz taula gainera Markina Shots! rock jaialdiaren 10. urteurrenean, Mikel Txurruka Aterkings taldeko kidea izateaz gainera jaialdiaren sortzailea ere badelako.
Zuzeneko emanaldi berriak iragarri dituzte orain, baina era berean, azkenak izan daitezkeela ohartarazi du Alberto Gonzalez elgoibartarrak. "Agian gure azken kontzertuak izango dira... edo baliteke zerbait grabatzea uda aldean eta kontzertuak ematen jarraitzea, batek daki!". Gernikan eskainiko dute hurrengo kontzertua, zapatu honetan (martxoak 14). Lekuek jaialdiaren edizio berri bat hartuko du Gernika-Lumok, eta Aterkings taldearekin batera, Zea Mays, Ainara LeGardon, Bide Ertzean, Albert Pla, Bullet Proof Lovers, The Riff Truckers, Dj Bull eta beste hainbat musikari ere igoko dira agertoki gainera.
Aterkings-ek HellDorado Gasteiz festibalean ere hartuko duela parte jakinarazi du Gonzalezek. Maiatzaren 8an izango da.