Eudelek Elgoibarren egin du urteko Batzar Nagusia

Barren.eus 2015ko mar. 17a, 13:00

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak urteko ohiko batzar orokorra egin du gaur Elgoibarren. Diru kontuez gainera, gai ordenak puntu garrantzitsua jasotzen zuen, elkartearen erakunde eta funtzionamendu araudiaren eta estatutuen aldaketa aztertzea, hain justu ere.

Eudelen barruan 251 udalerri daude, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoak ia denak, baina Nafarroako batzuk badaude, eta baita Trebiñuko (Burgos) bi udalerriak ere. Ibone Bengoetxea (EAJ) Bilboko zinegotzia eta alkateordea da Euskadiko Udalen Elkarteko presidentea, 1982an elkartea sortu zenetik lehenengo emakumezko presidentea -Eudelen seigarren presidentea-; eta, era berean, inoiz alkate izan gabe kargua eskuratu zuen lehena. 2011n aukeratu zuten presidente kargurako.

• Elgoibarren bigarrengoz

Gaur (martxoak 17) urteko ohiko batzar orokorra egin du Eudelek Elgoibarren, Herriko Antzokian. 2012an ere Elgoibarren ospatu zuen batzar nagusia. Elkartearen 2014ko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa eta 2015eko ekitaldirako aurrekontuak aztertu eta bozkatu behar zituzten gaurko batzarrean, baina baita beste puntu garrantzitsu bat ere: elkartearen erakunde eta funtzionamendu araudiaren eta estatutuen aldaketa. EHBildu koalizioak eskatuta aztertu dute gaia. Eudel "udalen zerbitzura jartzea" eskatu du EHBilduk.

2011n EAJk, PSE-EEk eta PPk egindako itunaren ondoren EH Bilduren hautetsiak elkartearen zuzendaritzatik kanpo utzi ostean, gaiztotuta egon dira harremanak, eta Udalbitzaren alde egin zuen koalizioak.

2015 03 17 eudelbatzarra1

2015 03 17 eudelbatzarra2