Skyrunner National Championship izeneko txapelketa jokatu dute asteburuan Aiguafredan (Katalunia), Vall del Congost mendi maratoia, hain justu ere. Maite Maiora zen lasterketa irabazteko faborito nagusienetakoa. Batetik, iaz Gorbeia Suzien lasterketa irabazita eskuratu zuen titulua defendatzen zuelako, eta bestetik, lasterketa hau irabazteko gai zela erakutsi zuelako iaz. Pronostikoak bete zituen azkenean, baina estu hartu zuten aurkariek.
Proba oso gogorra izan zela aitortu zuen bukaeran Lizarpe mendi taldeko ordezkariak, baina hala ere, disfrutatu egin zuela. Besteak beste, 3.100 metroko desnibel positiboa gainditu behar izan zuten korrikalariek 43 kilometroko lasterketan. 27. kilometrora arte bigarren joan zen Maiora, Salomon Etixx taldeko Oihana Kortazarren atzetik, baina 27. kilometro horretan pot egin zuen Kortazarrek, eta aurrea hartu zion Maiorak. Bukaeran hogei minutuko aldea atera zion Kortazarri. Hirugarren sartu zen elgetarra helmugan. Gema Arenas andaluziarra sailkatu zen bigarren postuan.
Gizonezkoetan, berriz, Salomon Etixx taldeko Pablo Villa gailendu zen.
• Mendiko lasterketen Espainiako Kopa
Maiatzaren 10ean hasiko da Skyrunner National Series txapelketa, -mendiko lasterketen Espainiako Kopa-, Collbaton (Bartzelona) jokatuko den Cursa de l´Alba mendi lasterketarekin. Zortzi proba ditu aurtengo txapelketak, tartean euskal lurretan jokatuko diren lau lasterketa: Zegama-Aizkorri (maiatzak 15), Camile Extreme (ekainak 7), Zumaia Flysch Trail (uztailak 5) eta Gorbeia Suzien (urriak 3). Zortzi lasterketa horietako lautan lortutako emaitzarik onenak hartuko dira kontuan azken sailkapena osatzeko. Maite Maiora da egungo txapelduna, eta era berean, mendi lasterketen munduko kopako txapeldunordea.