Urepelen (Nafarroa Beherea) hasi zen Korrika 19, joan den martxoaren 19an, eta Euskal Herriko hainbat txokotatik pasa ostean, gaur ailegatuko da Debabarrenera Korrikaren lekukoa. Eibar zeharkatu ostean, Soraluzera joango da Korrika eta handik ailegatuko da Elgoibarrera (18:15ak aldera). Mendaron ere sartuko da euskararen aldeko lasterketa oraingoan, herriko plazaraino bertaraino (19:10ak aldera)
• Korrika Gaztea euripean egin dute
Korrika nagusiarekin batera, Korrika Gaztea ere egin dute goizean Elgoibarren eta Korrika Txikiak egin dituzte Elgoibarko zein Mendaroko ikastetxeek. IMHk, Mekak eta Elgoibar BHI institutuak elkarlanean antolatu dute Korrika Gaztea. Albitxurin, Meka Albitxuri lanbide heziketako ikastetxearen atarian hasi dira korrika eta Mintxetako gaina, institutua, kiroldegia eta makina erremintaren museo paretik igaro ostean IMHn bukatu dute ibilbidea. Han, bertsoak abestu dituzte hiru ikastetxeetako ordezkariek eta Agenda 21ek eskainitako hamarretakoarekin berreskuratu dituzte indarrak. Elikadura jasangarrian oinarritutako hamarretakoa (laranjak eta gazta) dastatu ahal izan dute. Hona hemen Korrika Gazteko argazki bilduma:
• Korrika Txikia, aterpean
Euria dela-eta Elgoibarko zein Mendaroko Korrika Txikiak ezin izan dituzte prestatuta zituzten moduan egin. Elgoibarren, Maalako parkeko estalpearen babesean batu dira Elgoibar Ikastolako eta Herri Eskolako ikasleak eta irakasleak. Korrikarik egin ez duten arren, dantzan eta kantuan ibili dira Atxutxiamaikakoek gidatuta. Korrikaren eta euskararen aldeko oihurik ere ez da falta izan. Mendaron ere aurreikusita zeukaten ibilbidea moldatu behar izan dute euriagatik eta ikastetxe barruan egin dute euskararen aldeko jaia.
Hona hemen Korrika Txikiko bideoa eta argazki bilduma: