Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, Donostia 2016 Kultur Hiriburutzak eta Baketik Fundazioak Antzerki-foruma: Eta hik zer? proiektu ibiltariak Elgoibarren egingo du gaur geldialdia, udala azken hilabeteotan bizikidetzaren arloan garatzen ari den proposamen sortara ale berri bat gehituz. Egungo testuinguru sozial eta politikoan bizikidetza eta adiskidetza sustatu asmoz sortutako egitasmoa da honakoa, Antzerki-forum metodologiaren bitartez hiru galderen inguruan hausnartzeko aukera ematen duena: zer gertatu da eta zergatik? Zer egin dezakegu orain? Zer egin dezakegu etorkizunean errepika ez dadin?
- Parte hartzeko: Inazio Bereziartua Musika Eskolako auditorioan izango da, 18:30etik aurrera. Lantegia egiteko gutxieneko talde bat osatu behar denez eta lekuak mugatuak direnez, joan nahi duenak izena eman beharko du aurrez. Horretarako 688 681 466 telefonora deitu beharko da edo antzerkiforuma@dss2016.eu helbidera idatzi.
• Antzerkia metodo gisa
Antzerkia hezkuntza metodo eta gizarte errealitatea ezagutzeko eta eraldatzeko tresna bezala hartuta, eta Antzerki-forumaren metodologiari jarraituz, bi zatitan banatzen da saioa: lehen zatian, edonork egunerokoan izan ditzakeen gatazken inguruko sei istorio labur antzeztuko dituzte bi aktorek. Ondoren etorriko da forumari dagokion tartea, elkarrizketarako tartea, alegia. Bigarren zati honetan, istorioek amaiera positiboago bat izateko egin beharko liratekeen aldaketa txikien inguruan galdetuko zaie ikusleei. Bat-bateko iradokizunak izango dira eta nahi duenak, praktikan jarri ahal izango ditu aldaketa horiek, taula gainean aktoreen eta gidoigile eta zuzendari bihurtuko diren gainerako ikusleen laguntzaz, iradokizun horiek istorioetan txertatu eta antzeztuz. Baketik-eko arduradunen esanetan, metodo hau izan daiteke bizitza errealean egin nahi ditugun aldaketetarako entsegu bat, jarrera pasibo batetik jarrera aktibo batera igarotzeko zubia. Ildo beretik, bi orduko esperientzia pertsonal bat dela azaldu dute, "gure iragan hurbilera so egin eta etorkizun kolektiboa beste ikuspegi batetik begiratzeko aukera ematen diguna".
• Etorkizunerako desira eta konpromisoak bildu
2015 eta 2016 artean ehun Antzerki-forum saio egin asmo dituzte, eta horietan parte-hartzaileek etorkizunerako dituzten desira eta konpromisoak bilduko dira. 2016an desira eta konpromiso horiek jendaurrean jarriko dira, etorkizunaren bidean gizartearentzat lagungarri eta inspirazio iturri izan daitezen. "Donostia 2016 eta Baketik, eskutik 2016ko Europako Kultur Hiriburutza aukera paregabea da, kultura eta elkarrizketaren bitartez, elkar ulertzea oinarri izango duen elkarbizitza hobeago bat eraikitzeko. Gainera, Europako gainerako herrialdeekin harremanak indartu eta kulturaren sektorean berrikuntza sustatzeko bidea izango da".
∞Lotura duten albisteak:
- Giza eskubideei buruzko hitzaldia emango du Andres Krakenbergerrek (2014-03-18)
- 'Indarkeriaren hausturak eta bizikidetzaren berreraikitzea' hitzaldia emango du Carlos Martin Beristainek (2014-03-11)
- Giza eskubideen inguruko jardunaldiak egingo dituzte martxoan Elgoibarren (2014-02-26)
- Bizikidetza lantzen jarraituko dute Lokarrik antolatutako foroetan (2013-02-20)
- Elkarbizikidetza proiektuak aurrera jarraitzen du (2013-01-10)
- Eguenean aurkeztuko dute jendaurrean “Elgoibar bakea eraikitzen’ egitasmoa (2012-05-16)
- ‘Elgoibar bakea eraikitzen’ ekimena bultzatuko du Elgoibarko Udalak (2012-04-20)