Barixakuan, martxoaren 27an, hasiko dira jardunaldiak Ur-bizi elkartekoek prestatu duten erakusketaren inaugurazioarekin. Urpeko irudiak eta urpekaritzan erabiltzen dituzten tresnak ikusi ahal izango dira, besteak beste, Olaizaga kiroldegian jarriko duten erakusketan. 18:00etan zabalduko dute.
Hitzaldi bat ere antolatu dute barixakurako (19:30). Olaizaga kiroldegian eskainiko dute, Ur-bizi, 25 urte. Nor gara eta zer egiten dugu izenburupean.
Zapatuan egun osoz egongo da erakusketa zabalik, 9:00etatik 13:00etara, goizez, eta 16:00etatik 20:00etara, arratsaldez. Hitzaldia ere antolatu dute zapaturako, Urpekaritza leize-zuloetan izenekoa (18:30).
• Urpekaritza bataioak, domekan
Egun handia, baina, igandea izango da. Erakusketak zabalik jarraituko du igandean (9:00-13:00), eta hitzaldia ere izango da goizean, 11:00etan. Side-Mount edo alboko montaia izango da hitzaldiko gai nagusia. Domeka arratsalderako, berriz, urpekaritza bataioak antolatu dituzte Olaizagako igerilekuan, 15:00etatik 19:00etara bitartean. Era berean, Side-Mount bataioa egiteko aukera ere izango dute tituludun urpekariek. Urpekaritzan bataiatu nahi dutenek, baina, izena eman behar dute aurrez, honako telefono zenbakira deituta: 607 530 461.