Korrika nun? Kanaldude han! saioan Elgoibarri buruzko zuzeneko saio berezia eskaini zuen astelehenean Kanaldude web telebistak. Altzolatik eskaini zuten zuzenekora Elgoibar Ikastolako -Nuria Revuelta-, eta Herri Eskolako -Mikel Juaristi- ordezkariak gonbidatu zituzten, eta baita Korrikan lekukoa eraman zuen Gazte Asanbladako kide Sara Iriondo ere. Pantxika Maitia kazetariaren galderak erantzun zituzten hirurek.
Era berean, Ane Beitia Elgoibarko Udaleko Euskara saileko arduradunaren adierazpenak ere jaso zituzten Kanaldudekoek. Beitiak, besteak beste, Debabarrena eskualdeari eta euskarak gure herrian duen egoeraren berri eman zien. Elgoibarko AEK euskaltegiko Alfontso Eugik, berriz, euskaltegiaren eta Korrikaren inguruko azalpenak eman zituen. Azkenik, Gaindu lantegiko behargiñen izenean berba egin zuen Aitzol Arriolak. Hona hemen Elgoibarri buruzko saioa osorik.