Bosgarren postuan amaitu du liga txapelketa Lauko eskubaloi taldeak

Barren.eus 2015ko mar. 30a, 17:45

Iaz lortutako seigarren postua hobetu, eta bosgarren postuan amaitu du Lauko Elgoibar eskubaloi taldeak Zilarrezko Ohorezko mailan jokatu duen bigarren denboraldia. Joan den zapatuan jokatu zuten denboraldiko azken partida Olaizagan, eta agurren partidua izan zen. Ainhoa Usobiagak eta Lara Urainek merezitako omenaldia jaso zuten Sanlon 13 eta 12 denboraldi egin ostean eskubaloia lagatzea erabaki dutela-eta.

Zilarrezko Ohorezko mailan jokatu duen bigarren denboraldian sailkapenaren erdi-erdian, bosgarren postuan, amaitu du Laukok, Sanlo kirol-klubeko senior emakumezkoen taldeak; iaz baino postu bat gorago, alegia. Lau talde nabarmendu dira denboraldi honetan: Logroño Sporting La Rioja (33 puntu), Aiala Zarautz (32 puntu), Beti-Onak (27 puntu) eta Kukullaga Etxebarri (26 puntu). Horien atzetik sailkatu da Lauko, bosgarren postuan, 18 puntu eskuratuta. Bederatzi partida irabazi dituzte elgoibartarrek eta beste horrenbeste galdu. Deigarria da partida bakar bat ere ez dutela berdindu.

• Ainhoa Usobiagaren eta Lara Urainen azken partida

 Laukok Kantabriako Camargo taldea hartu zuten etxean ligako azken jardunaldian, seigarren postuan sailkatuta dagoen taldea, hain justu ere. Alabaina, sailkapenean zazpi puntuko aldea zuten elgoibartarrek, eta ez zegoen hortaz ezer jokoan partida horretan. Kantabriarrek gol bateko aldeaz (21-22) lortu zuten garaipena. Emozioa, baina, partida amaitu ostean iritsi zen Olaizagara, Sanloko bi jokalari beteranorentzako azken partida izan baitzen. Ainhoa Usobiagak eta Lara Urainek eskubaloia lagatzea erabaki dute. Hamahiru denboraldi egin ditu Usobiagak Sanlo kirol taldean, eta hamabi denboraldi Urainek. Oroigarri bana eman eta egindako lana eskertu zien klubak. "Poz handiak eman dizkigute jokalari moduan eta baita lagun moduan ere. Eskerrik asko neskak. Ziur gaude Sanlo EKTko taldeak animatzen jarraituko duzuela, sutsu eta alai", adierazi dute Sanloko arduradunek.

Oraindik, baina, ez da denboraldia amaitu. Liga txapelketa bukatu den arren, Gipuzkoako Kopa jokatuko du Laukok denboraldi honetan, eta iaz lortutako titulua defendatzeko aukera izango du.