Bizimodu osasuntsua eta aktiboagoa izateko hainbat aholku eta ariketaren berri emango dute 60+ izeneko egitasmoan. Unai Arrietak gidatuko ditu 60 urtez gorako lagunei zuzendutako doako saioak, apirilaren 14tik ekainaren 18ra bitartean. Mintxetan izango dira saioak, martitzenetan eta eguenetan, 10:00etan hasita. Interesatuek Olaizaga kiroldegian eta Mintxetan jaso dezakete informazio gehiago.
Pertsona bakoitzari bere gaitasun, nahi eta bizimoduan oinarritutako ariketa fisikoak prestatu eta irakatsiko dizkiotela jakinarazi dute antolatzaileek. “Era berean, gure bizitzan jarduera fisikoa burutzea zeinen atsegina eta eskuragarria izan daitekeen azalduko dugu”.
• Berrikuntza: ongizate psikologikoa eta soziala lantzea
Aurtengo ekinaldia berrikuntzekin dator. Unai Arrieta psikologoak jarduera intelektuala sustatzeko eta gainbehera kognitiboa prebenitzeko egitasmo pertsonalizatuak sortzen irakatsiko die parte hartzaileei. Eta baita ongizate emozionala eta soziala sustatzeko jarraibideak eskaini ere. “Izan ere, osasun on bat mantentzeko jarduera fisiko maila egoki bat burutzeaz gainera, garrantzitsua da baita ere jarduera psikologiko, intelektual eta sozial egoki bat izatea”, azaldu du Arrietak. Bizitza kalitatea hobetu eta ohitura txarrak alboratzeko norbere buruarengan konfiantza areagotzea eta oztopoak gainditzen ikastea ezinbestekoa dela dio. “Gure egunerokoan aldaketa txikiak egin eta bizimodu aktiboagoa eramateko gai bagara, jarduera fisikoa gure bizimoduan txertatuz, gure osasuna, funtzionaltasuna eta bizitza kalitatea hobetuko ditugu”.