Gaur bukatzen da berez Internetez izena emateko epea (www.kirolprobak.com), baina antolatzaileek jarritako 350 laguneko kopurua gainditu ezean, egunean bertan ere egongo da horretarako aukera, 8:30etik 9:30era. 10:00etan hasiko da lasterketa, Herriko Enparantzan.
Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatzen du lasterketa, Lizarpe Mendi Klubaren babesarekin, eta aurtengoa bosgarren edizioa du. Perfil zorrotzeko lasterketa da, 23 kilometro pasatxokoa eta 1.600 metroko desnibel positibokoa –Ibildea marka fijoekin seinaleztatuta dago urte osoan–. 10:00etan abiatuko dira lasterkariak Herriko Enparantzatik eta iazko ibilbide bera egingo dute, baina aurten, berrikuntza modura, kronoigoera bat izango da, hamazazpigarren kilometroan: Gaintxipixatik Lizarpera nork azkarrago igo neurtuko dute antolatzaileek —400 metroko igoera da, 100 metroko desnibelarekin—, eta irabazleak sari berezia jasoko du, Mendaroko produktuez osatutako otarra. Sariak ere handitu dituzte iaztik hona. Irabazleak garaikurra eta 400 euro jasoko dirutan, bigarren sailkatuak garaikurra eta 250 euro eta hirugarrenak garaikurra 150 euro —emakumezkoetan zein gizonezkoetan—. Errekorra ontzen duenak 200 euroko gainsaria eramango du.