13:00etan jarri dute martxan Trenbide kalea eta San Roke auzoa lotuko dituen igogailua. Bi igogailuak eta pasabidea erabiltzeko moduan egongo dira, beraz, gaurtik aurrera. Urrian hasi zituzten lanak, eta hasiera batean otsailerako amaitzea aurreikusi bazuten ere, obrak atzeratu egin dira. Udalak 302.348 euro inbertitu ditu obra honetan.
San Roke auzorako irisgarritasuna hobetzea da igogailuaren helburu nagusia, baina horrez gain informazio gune ere izango da. Igogailuaren oinarrian trenbide inguruko historia jasotzen duen panela jarri dute. Besteak beste, leku horretan Forjas Elgoibar izeneko enpresa zegoela azaltzen du panelak, eta enpresa horretan mailuak eta bestelako hainbat tresna egiten omen ziren. Udal arduradunek esan dutenez, herritarrek ere mailu edo mazo izena eman diote igogailuari, eta leku horren historiarekin bat datorrela adierazi dute.
Informazio estatiko horrez gain, maiatzetik aurrera informazio panel digitala jarriko dute igogailuaren kanpoaldean. Led sistemaren bidez funtzionatuko du, eta herritarrentzako interesko informazioa egongo da ikusgai.
Gaurtik aurrera, bestalde, Toletxeko, Osasun Zentro aurreko, Sigmako eta Trenbide kaleko igogailu hauxe bera ere 24 orduz egongo dira martxan. Arduradunek esan dute inzidentzien jarraipen zehatza egingo dutela, izan ere, Udalak erantzuteko duen ahalmena ez da berdina gauez edo egunez. Dena ondo joango dela espero dute, baina inzidentzia horien arabera hartuko dituzte erabakiak.