Izen handiko korrikalariak zeuden izena emanda, eta erakutsi zuten euren maila. Gizonezkoetan, Aitor Osa, David Lopez Castan eta Ismail Razga gaztea –21 urteko promesa– batera xamar joan ziren 13. kilometro aldera arte, baina Munitxibarreneko aldapan gora, Lizarrolako zulotik Larraskandarako bidean, atzean laga zituen Osak, eta bakar-bakarrik helmugaratu zen itziartarra, 1:56:25eko denbora eginda. David Lopez Castan segoviarra, lasterketa irabazteko faborito nagusienetako bat zena, helmugaratu zen bigarren postuan, minutu eskasera (1:57:30), eta Ismail Razga sartu zen hirugarren helmugan (1.58:10), iazko Kilimon Traileko txapeldunordea. Denbora ona egin arren, Osak ez zuen iaz Luis Alberto Hernandok ezarri zuen errekorra ontzerik lortu. Gizonezkoei dagokionean, baina, aipatu beharra dago baita ere Jose Mari Bernedo eibartarrak egindako marka. Faboritoen zerrendetan gutxitan aipatzen den gizona izan arren, punta-puntako korrikalaria dela erakutsi du behin baino gehiagotan, eta berretsi zuen atzo ere. Bosgarren sailkatu zen eibartarra, podiumera igo ziren hiru lehenengoen eta azkeneko bi urteetan Espainiako txapeldun izan den Alfredo Gilen atzetik. Aipagarria da, era berean, Ander Barrenetxea elgoibartarrak egindako denbora: 2:03:53.
• Bostetik bost Maiorarentzat
Emakumezkoetan, berriz, Maite Maiora joan zen uneoro lasterketa buruan, eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara mendaroarra. 2:15:28ko denbora behar izan zuen Maiorak ibilbidea osatzeko eta hamar minutuko aldea atera zion bigarren emakumeari, Montse Vazquezi, Euskadiko txapeldunordeari. Hirugarren postuan Maria Zorroza gernikarra helmugaratu zen (2:28:32). Vazquez eta Zorroza elkarrengandik gertu joan ziren hasieratik, baina Vazquezek argi laga zuen zein den bere espezialitatea: malda. Halaxe, Munitxibarreneko aldapan gora, gizonezkoen podiuma erabaki zen aldapa horretan bertan, utzi zuen atzean Vazquezek Zorroza.
• Mendaroar onenak
Bi mendaroar onenak ere saritu zituzten antolatzaileek. Emakumezkoetan, Maite Maiorak jaso zuen saria. Bost Kilimon Trail jokatu dira eta bostak irabazi ditu. Gizonezkoetan, berriz, Gotzon Zulaika izan zen mendaroarrik azkarrena. Hiru hilabete inguruan geldirik egon da Zulaika, lesio bat tarteko, eta lesioaren ondotik jokatzen zuen estraineko lasterketa izan zen atzokoa. Sailkapen nagusian hogeigarren egin zuen Zulaikak, 2:14:13ko denborarekin. Aipagarria da, era berean, gazteetan, Ismail Razgak berak (1:58:10) eta Vitorin Fernandez asturiarrak (2:06:16) emandako erakustaldia.
• Kronoigoerako azkarrenak
Aurten, baina, berrikuntza bat ere izan da Kilimon Trailen. Antolatzaileek kronoigoera bat iragarri zuten. Gaintxipixatik Lizarpera nork azkarrago igo neurtu zuten -400 metroko igoera, 100 metroko desnibelarekin–, eta bi onenak saritu: Julen Martinez de Estibariz gasteiztarra eta Maite Maiora. Mendaroko produktuez osatutako otar bana jaso zuten.
ARGAZKIAK: (Unai Agote, Felix Beitia, Iosu Juaristi eta BARREN)