Elgoibarko Herriko Antzokian jokatuko da txapelketa. Zapatuan, apirilaren 18an, A saileko (7-11 urte) neska-mutilak lehiatuko dira, 16:00etatik aurrera. Domekan, berriz, B sailekoen (11-15 urte) txanda izango da. Goizez izango da domekako saioa, 11:00etan hasita. Dantzari gazteek taula gainera igo eta hainbat doinu dantzatu beharko dituzte, besteak beste, Punta motz, Uztai txiki zortzikoa, Apargatak, Agurra, Erribera, Upelategi, Desafioa eta Jorrai dantzan zortzikoa.
• Elgoibarko ordezkariak
Elgoibarko ordezkariei dagokionez, Inazio Bereziartua eskolako bederatzi dantzari arituko dira lehian. Zapatuko saioan, Maddi Zabala, Amaia Sasiain eta Oier Galindo igoko dira oholtza gainera. Azken honek, Oier Galindok, bigarren postua eskuratu zuen azkena jokatu den kanporaketan, Oiartzunen.
Domekan, berriz, Amaia Astigarraga, Oihane Agirrebeña, Irati Marcos, Lorena Etxaniz, Gaizka Uranga eta Eneko Gonzalez izango dira Elgoibarko ordezkariak. Naroa Lopez eta Nerea Sasiain ere ari dira txapelketan parte hartzen, baina Elgoibarren ez zaie tokatzen dantza egitea –zozketa bidez erabakitzen da-. Antolatzaileek dei egin diete herritarrei elgoibartarrak animatzera joateko.