Elgoibarko Otsourteaga baserriak Azkoitiko lurretan dituen lursailean piztu da sua goizaldean. Hain justu ere, Azkarateko gaina eta Otsourteaga baserria batzen dituen mendi bidearen gainaldean dagoen pinudia kiskali du suak.
Abisua jaso ostean, suhiltzaileak han aritu dira lanean 6:00etatik, eta 9:00ak ingurura arte ez dute sua kontrolatzea lortu. Basoa garbitzen aritu dira aurreko egunetan eta hego haizearen eraginez erabat itzali gabeko garrak berpiztu direla dirudi. Baserriko bizilagunen esanetan handia izan da sustoa. “Norberari gertatu arte ez dago suaren arriskua zenbaterainokoa izan daitekeen jakiterik. Inpotentzia handia sentitzen da gainera”.
Asteon protagonista izan da sua Elgoibarren, joan den astelehenean ere gehiegitxo gerturatu baitzen sua Albitzurin dagoen Meka ikastetxera.