Iaz bezala, Europako historiaurreko erremintak egongo dira ikusgai erakusketan, baina aurtengo berrikuntzen artean, Euskal Herriko eta Kantabriako erremintak nabarmendu ditu Marquezek. Prailehaitz kobazuloan erabili zituzten erremintak egin ditu, eta Kantabriako edota Valentziako kobazuloetan erabiltzen ziren erremintekin konparatuko ditu. Aurten ahalegin berezia egin du Euskal Herriko historian barneratzeko, eta orduak eman ditu liburu artean ere, erremintei buruzko informazioa eskuratzeko. Besteak beste, aizkorak, errotak, geziak, arpoiak, eta txaman baten burukoa ere prestatu ditu. Erreminta guztiak eskuz egindakoak dira. Oreinaren adarrak, larrua, egurra, animalien tripak eta ilea erabiltzen ditu, besteak beste, erremintak egiteko.
• Erakusketa didaktikoa
Erakusketa didaktikoa izango da. Herri Eskolako eta Ikastolako umeei hitzaldiak emango dizkie garai hartako ehiza teknikak azaltzeko, eta praktikak ere egingo dituzte. Marquezek arrantzan jarriko ditu umeak, berak egindako erremintak erabiliz. Hitzaldi horietan Azkoitiko Munibe arkeologia elkarteko Juan Mari Arruabarrenaren laguntza izango du. Zapatuan (apirilak 18) inauguratuko du erakusketa, 18:30ean, eta hilaren 30era arte egongo da ikusgai, Elgoibarko Kultur Etxean.