Elke Löeffler Governance Internationaleko zuzendari nagusia izan da bisitan gaur Elgoibarko Udalean. Alfredo Etxeberriak jakinarazi duenez, Udalak azken urteetan martxan jarri dituen herritarren parte-hartze prozesuetan lanean jardun duten udal teknikari eta arduradunen zalantzak argitzera etorri da Loeffler. “Dakiena irakastera etorri da, asko baita ikasteko daukaguna, eta alor honetan orain arte egin dugun lana hobetu nahi dugu. Asmo horretan, luxu bat da bera moduko aditu baten aholkuak jasotzea”, azaldu du Etxeberriak.
Elke Löefflerren berbetan ez dagokie politikariei herri ekimenak kudeatzea. Besteak beste, herritar guztiek ez daukatelako konfiantzarik administrazioan. Horregatik, hainbat herritarren nahiak bideratzeko bitartekarien beharra dagoela nabarmendu du. Ildo horretan, Udalak herritarren intereseko gaiak zein diren jakin behar dituela dio. Alabaina, herritar guztiekin gai guztietaz berba egitea ez dela eraginkorra uste du, bere esperientzian oinarrituta. "Gurasoak, esaterako, kezka gehiago izango dute eskolarekin edo aisialdiarekin zerikusia duten gaiekin, eta aldiz, adineko jendearentzat osasunarekin lotutakoak izango dira gairik garrantzitsuenak. Dituzten arazoei irtenbidea bilatzeko hobe da gaiak banan banan aztertu eta ondo zehaztutako parte hartze prozesuak martxan jartzea". Era berean, herritarrekin berba egitea, zerk kezkatzen dituen jakitea eta zer egiteko prest dauden jakitea ezinbestekoa dela uste du Elke Löefflerrek. Bere ustez, herritarrek borondatez eginiko ekimen askok ez dute-eta oihartzunik izaten administrazioetan.
• Parte hartze prozesuak Elgoibarko Udalean
Alfredo Etxeberriak Elgoibarko Udalak azken bi legegintzaldietan parte hartze prozesuen bidez landutako egitasmoak aipatu ditu. Besteak beste, Genero indarkeria eta sexu erasoen biktima diren emakumeak hobeto artatzeko protokoloa, Elgoibarko gizarteratze mahaia, Elgoibarko bizikidetza diagnosia, gazte lokalen erabilera arautzeko parte hartze prozesua, gazteen aisiaren diagnosi partehartzailea, herriko kultur azpiegituren berrantolaketaz hausnartzeko prozesua, Eskolako Agenda 21, HAPOa, Elgoibar eta Altzola arteko bidegorria, Maalako estaldura aukeratzeko prozesua, 2008-2012 Berdintasun Plana eta Berdintasunaren aldeko Elgoibarko emakumeen udal kontseilua.