Trail Cara Los Tajos 32 kilometroko mendi lasterketa jokatu zuten, domekan, Malagako Alhaurin el Grande herrian. Mendi lasterketen Espainiako txapelketa zen proba, eta 304 lagunek lortu zuten lasterketa amaitzea, tartean 75 emakumek. Gizonezkoetan Pere Rullan (Soller, Mallorca, 1990) gailendu zen eta Maite Maiora mendaroarra nagusitu zen emakumezkoetan. Hala, estreinakoz Espainiako titulua bereganatu du.
Azken lauzpabost urteetan saiatu da Maiora titulu hau eskuratzen, baina gaur arte ezin izan du garaipena lortu. “Irabazteko gogoa neukan, arantza hori kendu ahal izateko”, adierazi du. Alabaina, helmugara iristeko 12 kilometroren faltan izandako erorikoaren ondorioz sufritzea egokitu zitzaion. Ibilbidea ezagutzen zuen Maiorak eta dena ematera irten beharrean, indarrak neurtu zituen probaren lehen zatian. Hala, 14. kilometrora arte ez zen lasterketa buruan jarri. Lehen postuan zihoala, 20. Kilometro inguruan zegoen jaitsiera batean erori egin zen eta min hartu zuen belaunean. Erorikoaren ondorioz sufritzea egokitu zitzaion baina garaipenak ez zion ihes egin. Informazio gehiago: fedme.es
• Bigarren Espainiako Txapelketa, urte berean
Aurten Espainiako Txapelketa irabazi duen bigarren aldia da honakoa Maiorarentzat, ISFk (International Skurunning Federation)antolatzen duen mendi lasterketen Espainiako txapelketa irabazi baitzuen, joan den martxoan, Vall del Congosteko mendi maratoia irabazita.
• Zegama-Aizkorri buruan
Lasterketaren ostean Euskadi Irratiari eginiko adierazpenetan aitortu zuenez, erorikoa izan zuenean Zegama-Aizkorriko proba izan zen burura etorri zitzaion lehen gauza, erorikoak parte hartzea eragotziko zion beldur baitzen. Zorionez, ez du ezer larririk. Hiru aste barru, maiatzaren 17an, jokatuko da mendi maratoi entzutetsuaren hamalaugarren edizioa, eta parte hartzeko “gogotsu” eta “indartsu” sentitzen da Maiora. Iaz meritu handiko hirugarren postua eskuratu zuela gogoratu behar da.