Elgoibarko Udalak lau proiektu aurkeztu ditu Lanbidek enplegua sustatzeko tokiko ekintzak diruz laguntzeko egin duen deialdira. 74.905 euroko aurrekontua duten lau proiektu horiek gauzatu ahal izateko sei lanpostu sortzea aurreikusten du Udalak, eta langabezian dauden pertsonak kontratatuko dituzte.
Batetik, Udalak administraritzako profila duten bi pertsona kontratatuko ditu. Bestetik, peoi lanak egiteko kontratatuko ditu hiru lagun, eta azkenik, pertsona bat komunikazioaren alorrean jarduteko. Kontratu guztiak lanaldi osokoak izango dira. Kontratuen iraupenari dagokionez, administraritzako profila duten kontratuek 5 hilabeteko iraupena izango dute, peoien lanpostuek 5 hilabete eta erdikoa, eta komunikaziokoak, berriz, 4 hilabetekoa.
Izango dituzten zereginei dagokionez, administrariak administrazio elektronikoari eta udal kudeaketaren gardentasunari eta eraginkortasunari buruzko proiektuak egiteko kontratatuko dituzte, peoiak hirigune publikoen balioa handitzeko; eta azkenik, komunikazio teknikaria komunikazio eraginkorrerako plana bideratzeko.
Hautaketa prozesuan parte hartu nahi duten lagunek Lanbiden izena emanda egon beharko dute. Gainera, kontratatutako pertsonen % 40 emakumeak izango dira, % 15ek 55 urte baino gehiago izan beharko dituzte, eta gainerako % 30ak Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren jasotzaileak izan beharko dira.
• 39 lanpostu eskualdean
Elgoibarko Udala arduratuko da eskualdeko gainerako udalen proiektuak kudeatzeaz. Hala, guztira, 18 proiektu eta 39 lanpostu kudeatu eta sustatuko ditu.
- Informazio osoagoa: Enplegu plana 2015 -PDF-