Laukok lagunarteko partida jokatuko du Bera Beraren kontra

Barren.eus 2015ko mai. 19a, 13:41

Partida berezia jokatuko du eguen honetan Lauko Elgoibar senior emakumezkoen eskubaloi taldeak Hernanin. Espainiako Eskubaloi Liga hirugarrengoz irabazi berri duen Bera Bera talde donostiarraren aurka neurtuko dituzte indarrak, lagunarteko partidan. 

Hernaniko Eskubaloi Taldeak lagunarteko partida antolatu du emakumezkoen kirola eta eskubaloia sustatzeko. Gipuzkoako bi talde gonbidatu dituzte partida hori jokatzeko. Batetik, Donostiako Bera Bera taldea. Ohorezko Mailan dihardute eta ligako dominatzaile handienak dira -hirugarren urtez jarraian irabazi dute liga txapelketa-; eta, bestetik, maila bat beherago, Zilarrezko Ohorezko mailan, jokatzen duen Lauko Elgoibar taldea. 

Sanlo kirol taldeko ordezkariek jakinarazi dutenez, ilusio handiz hartu dute partida jokatzeko gonbidapena, baina, era berean, nabarmendu dute erronka handia izango dela goi mailako talde baten aurka jokatzea. “Jakin badakigu partida gogorra izango dela. Ohorezko Mailako liga titulua lortu du Bera Berak joan den asteburuan, Rocasa taldearen aurkako partida irabazita. Hirugarren urtez jarraian irabazi dute txapelketa. Ez da edonolako aurkaria. Ohore bat izango da guretzat, Hernani Eskubaloi Taldeko haurrekin batera, Bera Berakoei irabazleei egiten zaien pasilloa egiten lehenak izatea”. 

Hernaniko Udal Kiroldegian jokatuko da partida, eguenean, 19:30ean hasita. 

• Tecnifuelle ikustera Iruñeara joateko autobusak

Tecnifuelle kadete neskek Iruñean jokatuko dute Espainiako txapelketa maiatzaren 22an, 23an eta 24an. Malkaitz eskubaloia, BM Palencia, Knet Casalancio eta Tecnifuelle izango dira sektoreko taldeak. Azken partida Burlatako Malkaitz taldearen kontra jokatuko dute hilaren 24an, eta taldekideen gurasoek autobusa antolatu dute partida ikustera joateko. Interesatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta Udal Liburutegian eman beharko dute izena. 9:30ean irtengo da autobusa Txarriduna errotondatik.