Alebin mailako zazpi taldek hartu zuten parte Oxford hirian jokatutako futbol torneoan. Denek denen aurka jokatu zituzten 12 minutuko partidak, eta Oxford City A taldeak irabazi zuen txapelketa, 16 puntu eskuratuta. C.D. Elgoibarrek bigarren postuan sailkatzea lortu zuen 11 punturekin. Littlemore A taldeak egin zuen hirugarren, 6 punturekin. Elgoibartarrak kenduta, Ingalaterrako taldeak ziren txapelketa jokatu zuten guztiak.
Kirol taldeko arduradunek jakinarazi dutenez, esperientzia ederra eta aberasgarria izan da futbolari gaztetxoentzat Ingalaterrara eginiko bidaia. Hamahiru jokalarik eta bi entrenatzailek egin dute bidaia, gurasoekin batera. 10.850 euroko aurrekontua zuen bidaiak, eta horietatik 6.850 euro errifak eta publizitatea saltzetik lortu dituzte. Kopuru horri esker ordaindu ahal izan dituzte jokalarien eta entrenatzaileen gastuak. "Diru hori gabe ezin izango genukeen bidaia hau egin, garestiegia izango litzatekeelako gurasoentzako", azaldu dute. Horregatik, "Elgoibarko herria" eskertu nahi dute eta baita babesle guztiak ere, emandako laguntzagatik.