EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen Kalegoen plazan

Barren.eus 2015ko mai. 20a, 07:02

Elgoibarko EH Bilduko hautagaiez gainera, Lohitzune Txarola Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakariak, Garazi Mugertza Deba-Urola barrutiko hautagaiak eta Pello Urizar EH Bilduko legebiltzarkideak hartu zuten parte atzo (maiatzak 19), Elgoibarko udaletxeko arkupeetan, egin zuten ekitaldi politikoan.

EH Bilduko hautagaiek Elgoibarko Udalean azken legegintzaldian egindako lanaren errepasoa egin zuten, eta legegintzaldi berrirako dituzten asmoen berri eman zuten, banan banan, Kalegoen plazan batutako herritarren aurrean.
Lohitzune Txarolak eta Garazi Mugertzak EH Bilduk zabaldu dituen bideen inguruan berba egin zuten. Besteak beste, talde lana goraipatu zuten. "PNV-PSE-PPren kartel pertsonalisten aurrean, EH Bilduk taldea aurkezten du, taldelana delako gurea, denok beharrezkoak garelako herrigintzan". Fiskalitate eredua ere izan zuten hizpide. "Argi genuen gizarte justuagoa eraikitzeko fiskalitate justua behar zela, gipuzkoarron %100aren aldekoa, eta horretan jardun dugu".
Pello Urizarrek ateak herritarrei irekitzea tokatzen dela esan zuen, "leihoak ireki aire berriari eta alfonbrak altxa ustelkeriari". Bere esanetan, gizarte hobea, libreagoa, justizia sozialean oinarritua eraiki nahi dute. "Ez da kanpainako leloa, azken lau urteotako lanaren argazkia baizik", adierazi zuen.
EH Bilduren Elgoibarko Udalerako alkategai Jose Luis Ibartzabalek eman zion amaiera ekitaldi politikoari.

2015 05 19 ehbildurenekitaldipol

2015 05 19 ehbildurenekitaldipol1

2015 05 19 ehbildurenekitaldipol2

2015 05 19 ehbildurenekitaldipolurizar3

2015 05 19 ehbildurenekitaldipolhautagaiak

2015 05 19 ehbildurenekitaldipolurizaratz

2015 05 19 ehbildurenekitaldipolatz2