Trinitate jaien barruan, Kaleko Margo Lehiaketaren laugarren ekinaldia antolatu zuen Elgoibarko Egur arte taldeak, Elgoibarko Udalaren laguntzarekin, joan den zapatuan (maiatzak 23). Antolatzaileek hurrengo domekan Soraluzen jokatuko den margo lehiaketarekin bat ez egitearren aurreratu dute lehiaketa astebetez. Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 14 margolarik hartu zuten parte lehiaketan eta “maila handiko” lanak entregatu zituztela jakinarazi dute Egur arte tailerreko arduradunek. Lehiaketak herritarren arreta piztu zuela ere nabarmendu dute. “Herrigunetik gehiegi ez aldentzeko mugak jarri dizkiegu aurten margolariei, eta uste dugu horrek bizitasun handiagoa eman diola lehiaketari. Herritarrek gertutik jarraitu ahal izan baitute margolarien lana”, esan du Egurreko kide Paula Herasek.
Epaimahaiak Jorge Lopez Marron gasteiztarrak aurkeztutako margolanari eman zion lehen saria. Erandiotik etorri zen Jose Miguel Arranzek jaso zuen bigarren saria. Lehen eta bigarren sarituek King-kong eraikina irudikatu zuten euren margolanetan. Hirugarren saria Juan Jose Altuna bergararrak eskuratu zuen. San Frantziskoko iturria eta ingurua ikusten dira Altunaren margolanean.
• Erakusketa sotoan
Lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa egingo dute antolatzaileek. Gaurtik (maiatzak 25) domekara arte (maiatzak 31) egongo dira ikusgai margolanak Kultur Etxeko sotoan. Astelehenetik barixakura 18:30etik 20:30era eta zapatuan eta domekan 12:00etatik 14:00etara.