Albiste onak datoz emakumeen futboletik. Batetik, Eli Ibarra Athletic taldeko jokalari elgoibartarra munduko futbol txapelketa jokatzeko deitu du Ignacio Quereda Espainiako hautatzaileak. Eta, bestetik, Evelyn Santos elgoibartarraren golak erabakigarriak izaten ari dira Oiartzun taldearentzat. Emakumeen bigarren mailan ari dira oiartzuarrak eta Emakumeen Superligara igotzeko lehian murgilduta daude. Liga horretan jokatutakoa da Santos Realarekin. Orain Oiartzun taldearekin jokatu nahi du emakumeen maila gorenean.
Emakumeen Superligarako igoera faseko lehen kanporaketan Madrid CFF taldea kanporatu dute oiartzuarrek. Joaneko partidan 4-2 galdu eta gero, Oiartzunek norgehiagoka biribila egin zuen domekan, Karla Lekuona futbol zelaian. Urduri hasi zuten partida etxekoak baina Ane Etxezarretak eta Evelyn Santosek lortutako golei esker abantailarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatian nabarmenagoa izan zen oiartzuarren nagusitasuna eta Santosek lortu zituen beste bi golekin, hat-trick txalotua osatu zuen elgoibartarrak.
Igoera faseko bigarren kanporaketa prestatzen ari da orain Oiartzun. Vigoko El Olivo taldearen aurka jokatuko dute kanporaketa. Joaneko partida Vigon jokatuko dute ekainaren 7an, eta etorrikoa Oiartzunen ekainaren 14an. Kanporaketako irabazleak Lehen Mailan jokatuko du hurrengo denboraldian.