Kalebarren plazan jarri duten karpan, biriken adina ezagutzeko aukera izan dute hala nahi izan duten herritarrek, eta nikotinarekiko duten menpekotasuna neurtzekoa erretzaileek. Era berean, tabakoa uzteko bidean jartzeko informazioa ere banatu dute Elgoibarko anbulatorioko profesionalek.
Bestalde, aste honetan kerik gabeko gelak lehiaketan parte hartu duten ikasleei lehiaketako irudi irabazlearekin egindako kamisetak eta diplomak banatuko dizkiete. Elgoibarren, Ikastolako DBH2ko bi geletako ikasle zenbaitek hartu dute parte. Mekan, berriz, tabakoaren inguruko informazio puntua jarri zuten maiatzaren 12an osasun zentroko langileek eta herriko DBHko irakasle guztiek kerik gabeko gelak programaren inguruko formazioa jaso zuten han, gero euren ikasleekin batera martxan jarri ahal izateko.
• Tabakoaren datuak
Kerik gabeko XVI. Astearen barruan, tabakoaren inguruko hainbat datu jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzak.
- Azken Euskadi Drogak (2012) inkestaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, tabakoaren eguneroko kontsumoaren prebalentzia % 25,7 da: % 23,3 emakumeen artean eta % 28,2 gizonen artean.
- Tabako-kontsumoaren bilakaerari dagokionez, egindako ikerketen arabera, 2000 eta 2012 urteen artean, eguneroko kontsumoa % 15 beheratu zen gizonen artean eta % 13 inguru emakumeen artean.
- 12 urte horietan, tabakismoak bilakaera desberdina izan zuen adinaren arabera. Datu positiboena 15 eta 34 urte bitarteko gazteen kontsumoari dagokio: izan ere, % 43,3 beheratu zen adin-tarte horretan. Horrek zera adierazten du: jende gutxiagok hartu zuela gehienetan gaztetan hasten den erretzeko ohitura. Talde horretan, beherakada nabarmena ikus daiteke 2010 urtearen ondoren ere (% 20,9).
- Bestalde, 35etik 74ra arteko adin-tartean erretzaileen proportzioak % 6,3 egin zuen behera, baina beherakada gizonen artean gertatu zen soilik; emakumeen artean, % 3,6 egin zuen gora.
• Mendekotasuna gainditzeko telefonoa
Osakidetzak bere osasun-etxe guztietan eskaintzen ditu tabakoarekiko mendekotasuna gainditzeko programak, hala banakakoak nola taldekakoak. Iaz, 4.031 pertsonak parte hartu zuen programotan. Horietatik, 2.189 emakumeak ziren, eta 1.842 gizonak.
Orain dela urtebete abiarazi zenetik, tabakoarekiko mendetasuna gainditzeko telefonoak (944 00 75 73) egunean hiru bat dei jasotzen ditu, batez bestez, tabakoari buruzko aholkua nahiz informazioa eskatzeko. Martxora arte, ia mila dei jaso zen.