Aurtengo ikasturtean, pasa den urtean bezalaxe, elikadura jasangarri eta osasuntsuaren gaia landu dute ikasleek Eskolako Agenda 21 programaren baitan. Egitasmo hau aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du eta ikastetxeek Elgoibarko Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute.
Urtean zehar elikadura jasangarri eta osasuntsuaren gaia lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxeetan. Besteak beste, kontsumo eta elikadura ohituren inguruko inkestak egin dituzte, ikastetxeko jantokian sortzen diren hondakinak aztertu dituzte, erlearen eta elikaduraren arteko erlazioa landu dute erlezain batekin bilduz, hondakinen inguruko gogoeta egin dute, eta antzerako beste hainbat gauza egin dituzte.
Behin egoeraren diagnostikoa eginda, ikasleek Udalbatzarrean aurkeztu dituzte gaur ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, herri jasangarri bat eraikitze aldera. Halaber, aurten ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte euren elikadura ohiturak hobetzeko eta birziklatzea bermatzeko.
Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek izan dira:
- Pestizidarik ez erabiltzea herriko berdeguneetan.
- Edukiontziak maizago ustea.
- Herria lorez betetzea eta balkoirik politenei sari bat ematea.
- Birziklatzeko ontzietan garbi jarri zer bota behar den toki bakoitzean.
- Liztor asiatikoen aurrean hartu behar diren neurriak herritarren artean zabaldu.
Udal ordezkariek, Ane Beitia buru zutela, ikasleen proposamenak adi entzun eta erantzun dituzte eta eskerrak eman dizkie Elgoibarko ikastetxeei Eskolako Agenda 21ean egindako lanarengatik. Udalak bere aldetik, beraien proposamenak aztertzeko konpromisoa hartu du eta ahal bada martxan jartzeko ere. Udalbatzarraren ostean hamaiketakoa eskaini diete ikasleei udaletxeko arkupeetan eta ikastetxeetara itzuli dira gero.