Euskal Eskola Publikoaren 24. Jaiaren egitaraua aurkeztu dute gaur antolatzaileek, Elgoibarko Kultur Etxean. Herri Eskolako Rakel Agirre eta Ana Etcheverry irakasleek eta EHIGEko koordinatzaile Lurdes Imazek azaldu dituzte ekainaren 7an Elgoibarren ospatuko den jaiaren nondik norakoak eta xehetasun guztiak. “Jai euskalduna, irekia, koloretsua eta guztiok gozatzeko pentsatua” prestatu dutela esan du Ana Etcheverryk.
Jaiaren harira urtean zehar egin dituzten jardueren errepasoa ere egin du herri eskolako irakasleak: lekukoa jasotzea, Errealeko emakumeak txuri urdinez erakusketa, eskubaloi partidua, Jata, Jaku bideokliparen aurkezpena, Korrika, Euskararen Eguneko kalejira, Euskararen espektakulua ikuskizuna eta musika txikienei gerturatzeko ‘Txikimusika’ ekimena aipatu ditu, besteak beste.
Rakel Agirrek ekainaren 7rako prestatu duten egitarauko xehetasunak eman ditu. Jaia herriko kaleetan zentratuko dela nabarmendu du, sei gunetan banatuta. “Ekintza eta ordutegi ezberdinak edukiko ditu gune bakoitzak”.
Bi asiera-ekitaldi izango ditu jaiak, instituzionala bata eta herritar guztientzakoa bestea. Herri Eskolan egingo dute irekiera ofiziala agintariek, 11:00etan. Ordu berean hasiko dira dantzan ikastetxeko ikasleak Kalegoen plazan, jaiari hasiera emanez. Era guztietako tailer eta ikuskizunak prestatu dituztela esan du Agirrek. “Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen ikuskizuna, baratza tailerra, malabareena, munduko tailerrak eta jolasak, rokodromoa, herri kirolak txikientzat, esperimentuen txokoa, Niala Magoaren ikuskizuna, gazta eta erlauntza tailerrak, puzgarriak, Lauroba taldearen kontzertua…”.
• Egitaraua Interneten
- Egitarau osoa sarean kontsulta eta jaitsi daiteke www.euskaleskolapublikoarenjaia.eus helbidean.
• Bazkari herrikoia
Kalegoen plazan egongo da bazkaltzeko gunea, parrokiako arkupeetan, hain justu ere. Bi txandatan emango dute Sahatzu harategiak prestatutako bazkaria, 13:30ean eta 14:30ean. Guztira, 700 lagunentzako lekua egongo da. 8 euroan salduko dituzte bazkarirako txartelak. Eusko Labeldun oilasko pintxoak ere salduko dituzte Maalako parkean egongo den postuan. Lortutako dirua Gobernuz Kanpoko Erakunde batentzako izango dela jakinarazi dute.