IAUk (International Association of Ultrarunners) antolatutako Munduko V. Trail Txapelketa jokatu da asteburuan Annecyn, estreinakoz Nazioarteko Atletismo Federazioaren (IAAF) babesarekin.
Espainiako selekzioak lehenengoz eraman zuen taldea txapelketara, eta lau lagunek osatu zuten emakumezkoen taldea: Maite Maiora, Uxue Fraile, Silvia Trigueros eta Teresa Nimes. Parte hartzaileek 85 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten Frantziako Annecy herriaren eta izen bereko lakuaren inguruan. Maite Maiorak uko egin behar izan zion Zegama Aizkorriko mendi maratoian parte hartzeari, belauneko lesio baten ondorioz. Guztiz osatu gabe egon arren, -tibia-haustura erabat sendatu gabe dauka- hirugarren postuan sailkatu zen antxitxikari mendaroarra Annecyn.
Nathalie Mauclair frantziarrak irabazi zuen proba, 9 ordu 30 minutu eta 59 segundoko denborarekin. Bi minutu eta 22 segundoko aldea atera zion helmugan Caroline Chaverot herrikideari eta zortzi minutu eta 37 segundokoa Maiorari. Anne-Lise Rousset frantziarra sailkatu zen laugarren postuan, irabazlearengandik 34 minutu baino gehiagora. (ikus sailkapenak)
Taldekako sailkapenean frantziarrak izan ziren irabazleak eta Espainiako selekzioak lortu zuen zilarrezko domina. Lasterketa amaitu ostean antolatzaileei eskainitako elkarrizketan azaltzen ditu Maiorak hainbat kontu. Besteak beste, bere belauneko lesioaren egoera, egoera horretan nolatan izan zen lasterka egiteko gai eta nola lortu zuen hirugarren postuan sailkatzea. Datozen hilabeteetarako dituen asmoen berri ere ematen du Maiorak ondorengo bideoan.