Protokoloa Udalbatzak onartu zuen 2012ko azaroaren 29ko Udaleko Osoko Bilkuran. Protokoloa osatzeko lanean jardun duten instituzioak zenbait puntu hobetzen eta erakunde gehiago batzeko lanean aritu dira azken hilabeteetan, bereziki herriko ikastetxeak batzeko lanean. Elgoibarko Udalaren aldetik, Udaltzaingoa, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasun Zerbitzua ari dira parte hartzen. Sinatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, protokolo honen xedea da arreta azkarra, koordinatua eta eraginkorra eskaintzea. Gainera, protokolo honen helburu nagusienetariko bat da, herritarren artean, emakumeen aurkako indarkeria matxista onartuko ez duen kontzientzia lantzea. Beste helburu batzuk ere nabarmendu dituzte sinatzaileek:
- Emakumeen aurkako indarkeria matxistari egitura aldetik arreta antolatua eskaintzea. Horretarako, hizkera, publizitatea eta irudiak zaindu beharko dira, eta aldi berean, lan egin beharko da, protokoloa sinatzen duten erakundeek, politiketan, genero estereotipoak eta rolak errepika ez ditzaten.
- Emakumeen aurkako indarkeria matxista guztion erantzukizuneko gizarte-egintza da, eta ez, esku hartu gabe utzi behar den gai pribatu bat. Gainera, herritarren artean ikuspegi honen zabalkundea egin behar da.
- Beharrezkoa denean, publikoki aldarrikatu behar da emakumeen aurkako indarkeria matxistarekiko arbuioa eta indarkeria honetaz baliatzen direnek duten erantzukizuna.
- Osasun, hezkuntza, gizarte eta polizia arloko zerbitzuek esku hartzen dutenean, informazio arduratsua, koherentea eta bateratua eman beharko diete indarkeria matxista jasaten duten emakumeei.
• Bizirik dagoen protokoloa
Elgoibarko Udaleko Berdintasun Saileko arduradun Bittori Zabalak adierazi duenez, luze jo du protokoloaren testua "findu" eta onartzeak. “Eragile ezberdin asko aritu gara lanean, eta era berean, asko ziren hartu beharreko konpromisoak”, esan du. Honen harira, datuen babeserako legearekin bat datorren protokoloa osatzeak eman diela lanik handiena azpimarratu du Zabalak. Testua aurrera ateratzeko erakunde guztiek erakutsitako prestutasuna eta kolaborazioa eskertu ditu. Aurrera begira, Meka eta IMH lanbide eskolak protokolora batzeko lanean jarraituko dutela esan du. Bizirik dagoen protokoloa da, eta Zabalaren berbetan aldatzen eta hobetzen joan daiteke.
♦ Protokoloa sinatu duten erakundeak eta ordezkariak:
- ELGOIBARKO UDALA (Alfredo Etxeberria Murua, alkatea)
- ERTZAINTZA (Heriberto Ramos Alonso, Eibarko Ertzain-Etxeko Atalaren Buruzagitzako ikerketa burua)
- OSAKIDETZA (Ibon Bilbao Fuentes, Elgoibarko Osakidetzako Lehen Arreta Unitateko burua)
- LANBIDE (Josune Gardoki Garitano, Elgoibarko bulegoko arduraduna)
- ELGOIBARKO HERRI ESKOLA (Juan Cruz Zuñiga Larrarte, zuzendaria)
- ELGOIBARKO IKASTOLA (Sebas Larrañaga Uriguen, ikasketaburua)
- ELGOIBAR ARREITURRE BHI (Iñaki Odriozola Sustaeta, zuzendaria)