Euskadi gailendu da IMH kiroldegian jokatu den Emakumezkoen Lau Nazioen Torneoan

Barren.eus 2015ko eka. 7a, 13:06

Euskadiko selekzioak irabazi du VIII. Emakumezkoen Lau Nazioen Torneoa, finalean Valentziako selekzioari 28-24 irabazita. IMH kiroldegi berrian jokatu dute txapelketa asteburuan.

Euskadiko selekzioko hautatzaile Imanol Alvarezek torneoa jokatu aurretik esan zuen orain arteko selekziorik “konpletoena” osatu zuela Elgoibarren jokatzeko. Adituak ere iritzi berekoak ziren eta Euskadi jo zuten faboritotzat. Ez zuten hutsik egin. Zapatuan, txapelketako lehen jardunaldian, 30-28 irabazi zion Euskadik Kataluniako selekzioari. Valentziako eta Galiziako selekzioek ere jokatu zuten elkarren aurka zapatuan eta valentziarrak gailendu ziren, 26-22ko emaitzarekin. Hortaz, Euskadi eta Valentziako selekzioek jokatu zuten finala domeka eguerdian. Lehen zatian partida parekatua jokatu zuten bi taldeek eta 13nako berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatiko 10. minututik aurrera, baina, jokoan zein markagailuan nagusitzen hasi zen Euskadiko selekzioa eta lau goleko aldeaz irabazi zuen finala, 28-24. Hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidan Kataluniak irabazi egin zion Galiziari. (Torneoko argazkiak: sanlo.net)
• Kiroldegiaren inaugurazioa
Elgoibarko Udalak Lau Nazioen Torneoa baliatu du IMH kiroldegi berria inauguratzeko. Joan den zapatuan egin zuten inaugurazio ekitaldi ofiziala. Alfredo Etxeberria jarduneko alkateak eta Ricardo Garate jarduneko kirol zinegotziak plaka oroigarriak eman zizkieten Lau Nazioen txapelketan parte hartu duten selekzio guztiei. Kirol ekipamendu berri honek 1,1 milioi euroko kostua izan du. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bakoitzak 200.000 euro jarri dituzte, eta gainerakoa Elgoibarko Udalak. (IMH kiroldegiari buruzko xehetasun gehiago, Ramon Mugica Udal Kirol Patronatuko zuzendariaren eskutik)

2015 06 06 imhkiroldegia inaugurazioa elgoibareus

2015 06 07 launazioakeuskaditxap