Espainiako taldearekin jokatuko du Eli Ibarra futbolari elgoibartarrak Emakumezkoen Munduko Futbol Txapelketa Kanadan. Estreinakoz lortu dute espainiarrek Munduko Kopa jokatzeko txartela eta gaur egingo dute debuta Costa Rica taldearen aurka, Montrealgo olinpiar estadioan. Espainiako telebista publikoaren Teledeporte kateak emango du partida zuzenean, 22:00etan.
Eli Ibarrak ibilbide luzea eta oparoa egin du orain arte futbolean. Athleticekin partida gehien jokatu dituen emakumea da eta baita gol gehien sartu dituenetarikoa ere. Ibarrak lau liga ere irabazi ditu orain arte Athleticekin (2003, 2004, 2005 eta 2007). Orain, Munduko txapelketa batean parte hartuko du. Bera izango da taldeko jokalari beteranoena, 33 urterekin. Momentuz, emakumezko futbolari gutxik lortu dutena lortu du: Espainiako kirol egunkari garrantzitsuenetako (Marca eta As) portada izatea.
Espainiako taldeak Brasilen aurka jokatuko du bigarren partida, ekainaren 13an, 22:00etan, eta Hego Korearen aurka jokatuko du E multzoko azken partida, ekainaren 17an, goizaldeko 01:00ean. Teledeporte kateak emango ditu Espainiako taldeak jokatuko dituen partida guztiak.
-
Munduko futbol txapelketarako sailkapena lortu du Eli Ibarrak Espainiako selekzioarekin (2014-09-15)
- Eli Ibarrak 300 norgehiagoka jokatu ditu Athleticekin Ligan (2014-03-19)
- Lapurreta aldageletan eta txartel gorria, Eli Ibarraren egunik beltzena (2009-02-17)
- Gol olinpikoa sartu zuen Eli Ibarrak Athletic-ekin (2006-10-23)
- Itziar Gurrutxaga eta Eli Ibarra Superligako txapeldun Athleticekin (2007-05-08)
- 3 elgoibartar Euskadi-Argentina Buenos Airesen jokatuko den partidako deialdian (2007-03-28)