Ikasle ohi aipagarrienaren saria Egoitz Gurrutxaga elgoibartarrak jaso du. 1997-1998 urteetan ikasi zuen Erdi Mailako Mekanizazio zikloa, eta Lantokiko Prestakuntza Itziarren egin zituen Hobetu SL mekanizazio-laguntzaile enpresan. Ondoren sei urtez jardun zuen Elgoibarko Beitxi enpresan, eta 2003an Mendaroko zehatzen hasi zen (Grupo Egile). Gaur egun, Ekoizpen arduraduna da eta Ikasle-lankide Dual berrien tutore lanetan jarduten du.
Ikasle aipagarriaren saria Endika Vazquez eibartarrari eman diote. 29 urte ditu, eta Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioko goi-mailako zikloa ikasi du. Mendaroko zehatz enpresan egin ditu praktikak, eta astelehenean Talleres Mylen hasiko da lanean. 500 euroko saria jaso du.
Eredu Dualeko saria, berriz, Unai Alonso elgoibartarrarentzat izan da. Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko goi-mailako heziketa zikloa ikasi du, eta Arrasateko Ekiden egin du Duala. Honek ere 500 euroko saria jaso du.
Elgoibarko ikasle aipagarrienaren atalean Adolfo Mujika saritu dute. Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko goi-mailako zikloa ikasi du, eta Lan-Bin praktikak egin ondoren, lanean hasi da. Udaletxeko plaka eta IMHko iraunkorreko ikastaroa doan egiteko aukera jaso ditu.
Aipamen bereziak
Aipamen berezia jaso dute, bestalde, Iker Iraeta eta Andoni Luque eibartarrek, ikasle ohi ekintzaile alorrean, duela zortzi urte Ikan enpresa sortu eta lanean jarraitzen dutelako. Azkenik, aitortza berezia jaso du Jon Lapeira ikasleak, Spain Skills olinpiadetan urrezko domina jaso duelako CNC Tornu-fresatzeko makinen probetan.