Eskubaloi Eguna antolatu du Sanlok ekainaren 20rako

Barren.eus 2015ko eka. 12a, 11:33

Sanlo kirol-taldeko arduradunek jakinarazi dutenez, ekainaren 20an egingo dute hirugarren Eskubaloi Eguna, denboraldi amaierako Sanlo Festarekin batera.

Sanlok Kalegoen plazan ospatuko du hirugarren Eskubaloi Eguna. Joan den maiatzaren 1erako antolatu zuen Sanlok Eskubaloi Eguna, baina bertan behera laga behar izan zuten eguraldiagatik. Kirol-taldeko arduradunek jakinarazi dutenez, ekainaren 20an egingo dute, denboraldia agurtzeko antolatzen duten Sanlo Festarekin batera. 

Benjamin eta alebin mailako neska-mutilentzako jardunaldia prestatu dute. Jokalari gaztetxoek 10:30etik 13:30era bitartean jokatuko dituzte partidak plazan. Partidetan parte hartu ahal izateko taldeka eman behar da izena. Horretarako, talde bakoitzak Sanlok sarean jarri duten galdetegia bete behar du. Zazpi eta hamar ume bitarteko talde mixtoak arituko dira plazan. Ekainaren 18a izango da izena emateko azken eguna. Hain zuzen ere, egun horretan, ekainaren 18an, baieztatuko dute Eskubaloi Eguna egingo den ala ez, egun horretako eguraldi iragarpenean oinarrituta. Azken bi urteetan ez dute zorte gehiegi izan eguraldiarekin.

•Sanlo Festa

2014-2015 denboraldiari agur esateko festa antolatu du Sanlok ekainaren 20rako. Sanloko jokalari, entrenatzaile, guraso, eta laguntzaileak elkartuko dira Sigmako aparkalekuan egingo duten bazkarian. Urtero legez, hainbat oroigarri banatuko dituzte eta dantza egiteko moduko musikarekin girotuko dute bazkalostea. Jokalariek eta entrenatzaileek ez dute bazkaria ordaindu beharko. Bazkarira joan nahi duten gainerako lagunek, berriz, honako prezioak ordaindu beharko dituzte: Nagusiek 20 euro eta umeek 12 euro. Lekua mugatua denez, ekainaren 12rako jokalariek eta entrenatzaileek izena emanda izan behar dute, eta horien laguntzaileek honako kontuan dirua sartuta: Euskadiko Kutxa 3035 0007 25 0070027086.