Elgoibarko Izarrak urteko egunik luzeena ospatzeko gogoa duten guztiak deitu ditu Ekigain jaian parte hartzera. Maalako parkean elkartuko dira ekainaren 23an, 19:00etan, eta handik Sallobentera joango dira oinez, kalejiran. Oinez joateko aukerarik ez dutenentzat, hitzordua 20:00etan izango da Sallobenten.
Estreinakoz antolatuko dute jaia, eta antolatzaileen berbetan librea izatea nahi dute. “Ezer gutxi egongo da aurretik prestatuta, baina badaukagu egitasmo txiki bat, egingo dugunaren arrastoa izateko”. Hona hemen prestatu duten egitasmoa:
- 19:00 Maalako parkean elkartuko dira, handik Sallobentera joateko, oinez, kalejiran.
- 20:30 Afari-merienda
- 22:00 Sua piztu, kantatu, dantzatu, salto egin...
- 23:00: Etxerako bidea, oinez, kalejiran
Zehaztu dutenez, afari-merienda bakoitzak berea eraman behar du, eta edariak (ardoa, sagardoa eta freskagarriak) eta edalontziak Elgoibarko Izarrak jarriko ditu salgai. Amaitzeko, frontala edo kopeta-argia eramatea komeni dela ohartarazi dute, bueltako biderako.