Elgoibarko Udaleko Kultura Sailak antolatuta, uztailaren 3an hasiko da aire libreko zine emanaldia. Zinea kalera aterako dute eta hamar film eskainiko dituzte uztailean, Kalegoen plazan jarriko duten zine pantailan. Ocho apellidos vascos filma izango da aurrenekoa. Gaur arte diru gehien bildu duen gaztelaniazko filma izateaz gainera, zeresan ugari eman zuen iaz eta Herriko Antzokira ere inoiz ez halako jendetza erakarri zuen. Ikusi gabe daudenek beste aukera bat izango dute uztailaren 3an, eta baita berriz ikusteko gogoa dutenek ere. Kalegoen plazan 600 bat lagunentzako lekua izango dute zine zaleek. Uztailean beste bederatzi filma eskainiko dituzte.
Barixaku eta zapatu iluntzetan izango dira saio gehienak, eta emanaldi egunean euria egiten duen egunetan, proiekzioak atzeratu egingo dituzte. Hala, barixakuetako filma domekara pasatuko dute euria egiten duenean, eta zapatukoa, astelehenera edo hurrengo egunera. Pelikula guztiak 22:30ean hasiko dira.
1991. urte inguruan hasi ziren Aire Libreko Zine emanaldiak plazan, doan, eskaintzen.