Txakurrak solte ibiltzeko leku aproposen beharra dutela aldarrikatu dute sinadura bilketa kanpainaren sustatzaileek. Eskatzen dute berdegune eta parke publikoetan txakurren aisialdirako gune aproposak egokitzea eta behar bezala seinaleztatzea. Legea betaraztea eskatzen dute, animaliak babesteko Eusko Legebiltzarraren urriaren 29ko 6/1993. Legea, hain zuzen ere; bereziki, lege horretako 12. artikulua.
Inguruko herrietan dauden txakurrentzako guneak jarri dituzte adibidetzat, Ermukoa kasu. Horrelako guneak txakurrentzat onuragarriak direla diote, “aske ibil daitezkeen guneak behar dituzte txakurrek, indarrak askatu eta lasaiago ibil daitezen. Txakurrek izan ditzaketen portaera ezatseginak, -zaunkak, jokabide urduriak…- apaltzen dira horrela. Era horretan, txakur jabeen eta gainerako herritarren arteko elkarbizitza hobetzen da”, azaldu du sinadura kanpaina bultzatzen diharduen Eneida Etxanizek. Bere esanetan ez dute askorik eskatzen, txakurrentzako gune batek ez duelako azpiegitura handiegirik behar, ihes egin ez dezaten hesiz inguratutako itxitura bat eta bertara sartu eta irten ahal izateko ate bat.
• Sinadura orriak
Elgoibartarrek euren sinadurarekin ekimen hau bultzatzeko aukera izango dute. Elgoibarko albaitaritza klinikan, +que+cotas-en, fisio&mas-en eta Maren tabernan jarri dituzte oraingoz sinadura orriak.