Barixakuan amaitzen da San Bartolome jaietako programaren azala aukeratzeko lehiaketara lanak aurkezteko epea

Barren.eus 2015ko uzt. 1a, 13:30

San Bartolome jaietako programaren azala aukeratzeko lehiaketa antolatu du aurten ere Elgoibarko Udalak eta, barixakuan, uztailaren 3an, bukatuko dela lanak aurkezteko epea gogorarazi du. Era berean, Elgoibarko Udalak eta Ongarri argazkilari elkarteak antolatu duten kirol argazkien lehiaketa ere martxan da eta uztailaren 15erako aurkeztu beharko dira lanak.

San Bartolome jaietako kartela aukeratzeko lehiaketan parte hartu ahal izateko 18 urtetik gora eduki behar dira. Partaide bakoitzak, gehienez ere, bi lan aurkeztu ahal izango ditu eta bakoitzak egoki deritzon teknika erabili ahal izango ditu. Dena dela, lanek ondorengo leloa edo testua izan beharko dute: ELGOIBAR, SAN BARTOLOME JAIAK 2015. Epaimahaiak 700 euroko sari bakarra banatuko du. Iaz, Nerea Oteiza eibartarrak aurkeztutako “Kolore jaia plazan” izeneko lanak irabazi zuen lehiaketa.

Kirol argazkien lehiaketa

Elgoibarko Udalak eta Ongarri argazkilari elkarteak kirol argazkien lehiaketa antolatu dute. Kiroleko arlo guztietako argazkiak aurkeztu daitezke lehiaketara, koloretan nahiz zuri-beltzean. Argazkilari profesionalek zein zaleek hartu dezakete parte, eta bakoitzak lau argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez. Argazkiak Olaizaga kiroldegian aurkeztu beharko dira, uztailaren 15erako. 

Antolatzaileek hainbat sari banatuko dituzte: Herritarren argazki onenak 200 euro jasoko ditu; 13-17 urte bitartekoen artean 150 eurokoa izango da lehen saria, eta 100 eurokoa bigarrena; 18-30 urtekoen artean 300 euro jasoko ditu argazki onenak eta 200 euro bigarrenak, eta azkenik, sari orokorrean 300 eurokoa izango da lehen saria eta 200 eurokoa bigarrena. Sariak abuztuaren 22an banatuko dituzte, eta saridunek bertan egon beharko dute. Aurkeztutako argazkiak ikusgai jarriko dituzte kultur Etxean, abuztuaren 22tik 30era. (ikus hemen: 2014ko lehiaketako argazki irabazleak)

2015 07 01 arglehia2014 fuentona zuzena