Frantziako Tourra hasi zen egun berean jokatu zen aurtengo Mendaroko Txirrindulari Lasterketa, joan zen zapatuan (uztailak 4). Jubenil mailako 81 txirrindulari batu ziren irteeran, Mendaroko Herriko Enparantzan, baina 52 txirrindulari bakarrik iritsi ziren helmugara. Ulma taldeko Julen Umerez eta Xabier Murgiondo izan ziren azkarrenak. Bi taldekideak eskutik helduta sartu ziren helmugara, baina Umerezen gurpilak gurutzatu zuen lehen postuan helmuga marra, Murgiondok hala lagata. Pozari ezin eutsita iritsi ziren helmugara.
Bi aldiz Osintxuraino joan eta birritan igo zuten Kalbarioko gaina, eta 2:14:09ko denboran osatu zuten 80 kilometroko ibilbidea. Lehen bi sailkatuen batez besteko abiadura, orduko 37,57 kilometrokoa izan zen. Atracciones Sanz taldeko Unai Orbea txirrindulari azkoitiarra sailkatu zen hirugarren postuan, 17 segundora. Lehen bi postuak Ulmako txirrindularientzat izan baziren ere, Atracciones Sanz taldeak irabazi zuen taldekako saria eta Unai Orbeak irabazi zuen mendikoa.