Azkarateko igoerak lekua izango du David Slaterren bizitzari buruzko dokumentalean

Barren.eus 2015ko uzt. 15a, 15:52

Elgoibarko V. Maala Azkarate Igoera jokatuko dute zapatuan (uztailak 18), Maalako jaien barruan. Berezia izango da aurtengo igoera, 1981ean korrikako probako errekorra (20:40) ezarri zuen David Slater atleta britainiarra Elgoibarrera etorriko baita beste behin ere (2011n ere izan zen Elgoibarren; goiko argazkian). Bere bizitzari buruzko dokumentala grabatzen dihardute, eta Azkarateko igoera eta errekorrari buruzkoak ere eraman nahi dituzte dokumentalera.

David Slater britainiarra bere garaiko atletarik onenetarikoa izan zen. 1980. urteko Mugertza krosean ere hartu zuen parte eta laugarren postuan sailkatu zen. Handik urtebetera, 1981ean, berriro etorri zen Elgoibarrera korrika egitera, baina ez Leruneko zirkuitura, Azkarateko maldetara baizik. Ego Toki elkartekoek zirikatuta etorri zen. Bere herrikide batek, Roy Fowler ‘Azeri gorriak’, 1966an Azkarateko igoeran ezarri zuen marka (21:20) ontzeko desafioa onartu ostean. Ikusmin handia sortu zuen herrian Slaterren ahaleginak. Berrogei segundoan ondu zuen Fowlerrek eginiko denbora, eta hogei minutu eta berrogei segundoan laga zuen errekor berria.

Handik 30 urtera, 2011n, Elgoibarko Maala Azkarate igoeraren aurreneko edizioa antolatu zuen Maalako jai batzordeak. Txirrindularitza eta atletismo probak antolatu zituzten. Iñigo Lazkano, bizikletaz, eta Oier Ariznabarreta izan ziren estreinako edizioko irabazleak. Antolatzailek gogoan izan zuten Slater eta Elgoibarrera etortzeko gonbidapena egin zioten. Gonbidapena onartu eta bere entrenatzaile izandako Edie Hardyrekin batera agertu zen Elgoibarren David Slater. Antolatzaileen omenaldia jasotzeaz gainera, berak eman zion hasiera probari eta bertatik bertara jarraitu zituen gero txirrindulari zein antxitxikarien igoerak. Bere markatik urrun geratu zen irabazlea, eta aurreneko postuetan iritsi ziren parte hartzaileak harrituta geratu ziren britainiarrak egin zuen markarekin.

2015 07 14 azkarateraIgoera2011 slaterri txapela

2015 07 17 slater dokumentala grabatzen3

2015 07 17 slater dokumentala grabatzen4

Dokumentalerako irudiak eta elkarrizketak

Aurten ere etorriko da Slater Elgoibarrera. Bere bizitzari buruzko dokumentala grabatzen ari dira eta Azkaraten ezarri zuen errekorrak lekua izango du kontakizunean. Slaterren seme James, honen emaztea –soinu teknikaria lanbidez- eta Charlie Herranz zuzendaria ari dira dokumentala ekoizten. Slaterrek 1981ean Azkaraten ezarri zuen errekorrari buruzko informazioa jasotzen dihardute egunotan Elgoibarren eta igoera zuzenean bizi zuten lagunei, antolatzaileei eta beste hainbat lagunei dokumentalerako elkarrizketak egitea da euren asmoa eta zapatuan jokatuko den probako irudiak ere jasoko dituzte. Era berean, lasterketa haren inguruko informazioa edo irudirik duten herritarrei Mintxeta Atletismo taldekoekin edo Ana Santolayarekin kontaktuan jartzeko eskatu dute.

• Bosgarren Azkarateko Igoera, zapatuan
2015 07 14 maalaazkarate 5igoeraBosgarren Azkaratera Igoerako txirrindularitza proba 11:00etan hasiko da. Txirrindulariak Kalebarren plazan, gabi taberna parean, batuko dira irteera neutralizatua egiteko. Elkarrekin egingo dute San Frantzisko kalea eta Maalan izango da irteera ofiziala. Atletismo froga ordubetera hasiko da, 12:00etan. Aurreko urteetan moduan bi probetan parte hartzeko aukera izango dute kirolariek. Txarriduna edo Iriondo tabernetan eman daiteke izena aurrez, eta baita Internet bidez ere, www.kirolprobak.com webgunean. Sei euroan egin daiteke izenematea. Iaz, Iban Gonzalez eta Oier Ariznabarreta gailendu ziren Azkarateko maldetan, bizikleta gainean lehena eta antxitxika bigarrena.

 

2014ko igoerako argazki bilduma: