Mendaroko Koadrilen Eguna mozorro desfilearekin hasiko dute, bihar eguerdian, eta egunak ohiko osagaiak izango ditu: paella lehiaketa frontoian, herri bazkaria, kalejira Bizi-Poza txarangarekin, goitibeheren txapelketa Azpilgoetako elizatik behera, eta gauean, kontzertuak. Aurten, eta herriko jai batzordera batu diren gazteenen eskariz, moda-modan dagoen taldea ekarri du Udalak: Gatibu, euskal rock musika taldea. Moonlight talde azkoitiarrak egingo dio bidea Gatiburi, 23:00etan hasita. Bi kontzertuak bukatu ostean, DJa igoko da oholtzara eta goizaldera arte luzatuko da plazako musika saioa.
• Haurren eta adinekoen eguna, domekan
Umeen eta nagusien eguna izango da domeka, eta ohi legez Mendaroko trikitilari eskolakoen dantza saioa, gaztetxoentzako pintura lehiaketa, herri-bazkariak [Frontoian, umeena, eta Aizpe elkartean, adinekoena], umeen haur danborrada eta playback gaztea izango dira eguneko ekitaldi nagusiak.
Eguerdian irtengo dira txikienak dantzara, eta 18:00etan hasiko da danborrada. Bizi-Poza txarangak lagunduta egingo dute haurrek frontoira arteko bidea, eta ondoren, etorriko da playback-a. Bukaeran, goizeko pintura lehiaketako sariak banatuko dituzte. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haur guztiek parte hartu ahal izango dute lehiaketan.
- Informazio osoagoa: BARREN aldizkaria, 958. zenbakia - PDF