Elgoibarko V. Maala Azkarate Igoera jokatuko dute gaur goizean (uztailak 18), Maalako jaien barruan. Ohi duten legez, txirrindulariak irten dira lehendabizi. 5,9 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten Maalatik Azkarate gainera arte. Mikel Garate txirrindulari azkoitiarra ailegatu da lehen postuan, 16:09ko denborarekin. Hortaz, ez du ondu Aitor Hernandez ermuarrak 2012ko igoeran ezarri zuen errekorra: hamabost minutu eta bost segundo. Iaz gertatu zen moduan, Ramon Garcia elgoibartarra heldu da bigarren, irabazlearengandik zortzi segundora (16:17). Iazko irabazlea, Iban Gonzalez iritsi da hirugarren postuan, 16:30eko denborarekin. Guztira 33 lagunek hartu dute parte proban.
• Ariznabarretaren laugarren garaipena
Txirrindularien ostean, antxitxikariak irten dira Maalatik. 21 lagunek hartu dute parte eta Oier Ariznabarreta durangarra izan da jaun eta jabe. Ez du areriorik izan eta denbora oso ona egin du gainera, orain arte jokatu dituen lau igoeretan lortu duen onena. Hogeita bi minutu eta 41 segundoan osatu du ibilbidea. David Slaterrek 1981ean egin zuen errekorretik bi minutu eta segundo bakarrera, hala ere. Slater bera zegoen gaur helmuga marran, Azkarateko igoerari buruzko dokumental bat grabatzera etorri baita semearekin batera. Slater bera izan da Ariznabarreta zoriontzen aurrenekoa. Durangarrak berak 1981ean eginiko errekorra "sekulakoa" dela esan dio. Ariznabarretak hiru minutuko aldea atera dio bigarren sailkatuari, Iosu Uriarte markinarrari (25:46). Jon Revert mendaroarra sailkatu da hirugarren postuan (26:23)