Itziarko Andutz taldeak irabazi du Gipuzkoako Giza Proba Txapelketako finala Elgoibarren

Barren.eus 2015ko uzt. 18a, 21:24

Taldekako Gipuzkoako Giza-Proba Txapelketako finala jokatu dute gaur arratsaldean Sigmako probalekuan, eta Itziarko Andutz taldeak eskuratu du garaipena. Mendaroko Tope Natxiok taldeak hirugarren markarik onena egin du gaur, baina aurreko hiru jardunaldietan eginiko lanari esker, sailkapen nagusiko bigarren postua lortu dute. (sailkapenak, argazki bilduma eta bideoa dauzka)

Gipuzkoako taldekako giza proba txapelketa lau jardunaldiz osatutako ligaxka izan da aurten, eta azken saioa Elgoibarren jokatu dute gaur arratsaldean. Lau taldek hartu dute parte: Andutz (Itziar), Berrobi, Tope Natxiok (Mendaro) eta Tarinak (Deba).

Kirola egiteko bero sargoria egiten zuen arren, emozioz beteriko lehia eskaini dute lau taldeek, probalekura batutako ikusleen gozamenerako. Berrobiko eta Mendaroko taldeak plazaratu dira lehenik. Hamar minutuko bi lanaldi egin dituzte bata bestearen parean jarrita, batean 900 kiloko harriarekin eta bestean 984 kiloko harriarekin. Mendaroarrek 42 plaza, 2 zinta eta 3,14 metro egin dituzte eta zinta bat baino gutxiagoko aldea atera diote Berrobiko taldeari. Hauek 42 plaza, zinta bat eta 6,19 metroan mugitu dituzte harriak.

Debako eta Itziarko taldeak Mendaroko eta Berrobiko taldeek egin duten lanaren erreferentziekin atera dira plazara eta batak zein besteak hobetu dute aurrekoen lana. Debak ez zuen aukerarik sailkapen nagusiari begira, bai ordea Itziarrek. Markarik onena egin dute (44 plaza eta 0,22 metro), eta honenbestez, ligaxkako saio guztietako puntuak batu ondoren, 2015eko Gipuzkoako taldekako giza probako txapelketako garaipena Andutz-Itziar taldearentzat izan da. Azken bi urteetan txapeldun izan diren Orioko Heldu taldearen lekukoa hartu dute itziartarrek. Mendaroarrak gogotik saiatu dira gaur, Elgoibarren irabazita txapela Mendarora eraman eta jaietan murgilduta dauden herritarrekin batera ospatzeko aukera baitzuten. Azkenean hirugarren lanik onena egin dute Sigmako probalekuan, eta sailkapen nagusiko bigarren postuan sailkatu dira 10 punturekin; Berrobiko taldearekin berdinduta eta irabazleengandik hiru puntura.

Elgoibarko probako sailkapena:

1.- ANDUTZ-Itziar  44 plaza eta 0,22 metro
2.- TARINAK-Deba  43 plaza, 3 zinta eta 5,18 metro             
3.- TOPE NATXIOK-Mendaro  42 plaza, 2 zinta eta 3,14 metro
4.- BERROBI  42 plaza, zinta 1 eta 6,19 metro

Txapelketako sailkapena:

1.- ANDUTZ-Itziar 13 puntu
2.- TOPE NATXIOK-Mendaro 10 puntu
3.- BERROBI 10 puntu
4.- TARINAK-Deba  7 puntu  

2015 07 18 gizaprobak irabazleak

2015 07 18 gizaprobak mendarokotaldea

2015 07 18 gizaprobak danakelkArgazki bilduma: