Roketxe Crew taldeak irabazi du Bailarako Futbol7 Txapelketa

Barren.eus 2015ko uzt. 20a, 14:32

Bi talde elgoibartarrek jokatu zuten Bailarako Futbol7 Txapelketako finala, joan den barixakuan, Eibarren. Roketxe Crew eta Water de Munich taldeek partida parekatua jokatu zuten eta Roketxek lortu zuen garaipena, penaltietan.

Elgoibarko eta Eibarko Udal Kirol Patronatuek antolatuta, 18. Bailarako Futbol7 Txapelketa jokatu dute aurten hamazazpi taldek, eta joan den barixakuan jokatu zen finala Eibarren, Unbeko kirolgunean. Elgoibarko bi talde iritsi dira aurten finalera: Roketxe Crew eta Water de Munich. Final parekatua jokatu zuten bi taldeek eta arauzko denbora eta luzapena banako berdinketarekin amaitu ostean, emaitza penaltietan erabaki behar izan zuten. Roketxe Crew taldekoak finago aritu ziren penaltietan eta eurentzat izan zen garaipena.  

Finala hasi aurretik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu zuten Eibarko La Sisha Mecánica eta Elgoibarko Más que Olaso taldeek. Elgoibartarrek 2-0 irabazi zuten. (Lau taldeetako jokalariak elkarrekin ageri dira goiko argazkian).

•Azken urteetako irabazleak:
  • 
2008: Buztangorriak
  • 2009: EGS
  • 2010: La Naranja Mekanika
  • 2011: EGS
  • 2012: La Naranja Mekanika
  • 2013: EGS
  • 2014: Mas Que Olaso
  • 2015: Roketxe Crew