Zenbait urtetako murrizketen ostean, gora egin zuen iaz jaietako aurrekontuak. 171.000 eurokoa izan zen. Alabaina aurten behera egin du berriz ere. 158.610 eurorekin osatu du Elgoibarko Udalak 2015eko San Bartolome festetako egitaraua.
Txupinazoa Herri Eskolako Kalamua guraso elkartekom kideek botako dute, urte osoko lanaren aitortza edo errekonozimendu modura. Itziar Aranbarri, Edu Uranga eta Juanjo Bastarrika igoko dira udaletxeko balkoira San Bartolome Bezpera egunean.
• Kalakan eta Reincidentes
Jaietako egitarauaren barruan kultur eskaintza oparoa izango dela nabarmendu dute udal arduradunek eta bi musika taldek eskainiko dituzten kontzertuak azpimarratu dituzte. Batetik, Ipar Euskal Herriko Kalakan taldeak San bartolome Bezperan Kalegoen plazan eskainiko duen kontzertua. Taldea Thierry Biscary, Xan Errotabehere eta Jamixel Bereauk osatzen dute. Euskaraz abesten dute, eta kantu tradizionalean oinarritzen dira; eta bestetik, Reincidentes talde andaluziarrak Gazteen Egunean (abuztuak 28), Maalan eskainiko duen kontzertua. Sevillako punk-rock taldea lehenago ere izana da Elgoibarko jaietan kontzertua ematen.
- EGITARAUA: 2015eko San Bartolome jaiak Elgoibarren (PDF)