Arriaga auzoko bizilagunek 2003an berreskuratu zuten San Antolin festak ospatzeko ohitura, 30 urteko etenaren ostean. Kaxeta Auzo Elkarteko kideek aurtengorako ere jai egitarau oparoa prestatu dute. Egitarauan lekua izango dute dagoeneko errotuta dauden ekintzek: hamargarren txapel jaurtiketa lehiaketa edo zortzigarrenez egingo duten Oliba hezur jaurtiketa lehiaketa, esaterako. Horiekin batera, iaz estreinakoz antolatu zuten Talde Desafixua ere egingo dute aurten. Irailaren 5ean, zapatuan, jokatuko da, Usatorre ondoko aparkalekuan. Bost lagunez osatutako taldeak arituko dira lehian eta taldekideetako batek, gutxienez, gizonezkoa edo emakumezkoa izan beharko du. Era askotariko laupabost probatan lehiatu beharko dute taldeek elkarren aurka. Gaur (irailak 2) da izena emateko azken eguna. Interesatuek 687 448 287 telefonora deitu behar dute.
• Bi afari
Jaietarako bi afari antolatu dituzte. Barixaku gauean egingo duten bertso-afaria izango da lehena. Afaritarako txartelak 25 euroan jarri dituzte salgai eta Usatorre tabernan eskuratu daitezke. Menua honakoa izango da: entsalada, legatza saltsan, txuleta parrillan, eta, postrea: tarta eta izozkia(edaria eta kafea barne). Zapatuan egingo duten auzo afarirako txartelak, berriz, 15 euroan jarri dituzte salgai. Honakoa da menua: entsalada, lumagorri oilaskoa saltsan eta postrea: Mausitxako gazta eta menbrilloa(edaria eta kafea barne).
Hona hemen San Antolin jaietako egitarau osoa: